Zortzi urte borrokan
Pentsiodunak kalera atera dira gaur ere. Zortzi urteko borroka "ospatu" dute Ordiziako Plaza Nagusian.
1999ko martxotik honako astelehenetan egiten duten bezala, Goierriko pentsiodunak kalera atera dira gaur ere. Goierri beheko pentsiodunak Ordizian elkartu dira, eta Goierriko goikoak, Urretxu-Zumarragan. Ordiziako kasuan, jan-edanarekin “ospatu” dute 8 urteko borroka, borrokaldiaren errepasoa egin ondoren.
8 urte bete dira 2018an pentsiodunek manifestazio handiak egin zituztenetik. “2011ko eta 2013ko erreformen murrizketen eta pentsioen izoztearen ostean, 2018rako %0,25eko igoera barregarria izan zen basoa bete zuen tanta. Goierrin, zazpi urte egingo ditugu martxoan”, diote.
Duela 8 urte, “pentsiodunen haserreak Hego Euskal Herriko eta Estatuko hainbat hiritako kaleak bete zituen, -PEI- Pentsioen Errebalorizazio Indizea (0,25) indargabetzea eta Jasangarri-tasun Faktorea indarrean ez jartzea lortuz. Ezinezkoa zela esan zutenek (PP) Gobernua utzi behar izan zuten”.
Dena den, “lehen helburuak lortuta”, mobilizazioekin sortutako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurrera jarraitu zuen, aldarrikapen oinarrizkoak eta ezinbestekoak planteatuz: “Pentsioen zenbatekoa soldataren %60ra murriztu nahi duten murrizketen erreformak indargabetzea, Pentsioen Sistema Publikoa (PSP) gure belaunaldiarentzat eta hurrengoentzat bermatzea, pentsioetan genero-arrakalarekin amaitzea, gutxieneko pentsio duinak eta nahikoak…”.
Mobilizazio desberdinak
Urte hauetan guztietan, mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte pentsiodunek “helburu hauek lortzeko eta murrizketa berriak ezartzea ekiditeko. Aurrera egin dugu, baina bidea dago egiteko lortutakoa atzeraezina izan dadin. Pentsioak murrizten ari dira, erretiro-adina handitzen, eta gutxieneko pentsioak miserableak dira oraindik”.
Era horretan, “gutxieneko pentsio duinen aldeko borrokak helburu utziezina izaten jarraitzen du” pentsiodunen esanetan. “EAEko eta Nafarroako 178 udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1080 euroko osagarriaren alde egin zuten. Ondoren, EAEn, aldarrikapen hori lege proposamen bihurtu zen EAEko Legebiltzarrean, 2024ko urtearen amaieran aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearekin, bertan Gutxieneko Pentsioa Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskatzen genuen, pentsioen osagarri bat bermatu ahal izateko”.
Nafarroa eta EAE
Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gaur egungo egoera ekarri dute gogora: “Gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoko (NFE) pentsiodunen %37,8k eta EAEko %31,9k LGS/SMI lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako pentsioak dituzte. Horietatik emakumeak dira %65,5 Nafarroan eta %66,7 EAEn. 2026rako igoerarekin, erretiro- eta alargun-pentsioa 936 eurokoa da 14 ordainsaritan, eta kotizazio gabekoak, 621 eurokoa; 220.000 pentsiodunek gero eta zailtasun handiagoak dituzte bizi-baldintza duinak lortzeko, eta datu horiek gezurtatu egiten dituzte pentsioak nahikoa direla dioten diskurtso interesatuak. Egungo KPI/IPCak ere ez du islatzen pentsiodun askorentzat bizitzaren kostuaren igoera”.
EAEren kasuan, “arrakastatsua izan da Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatzea eskatzeko EHPMk egin duen kanpaina. Baina dinamika eta parte-hartze sozial horri guztiari betoa jarri dio EAEko gobernuaren eta berau babesten duten EAJ eta PSEren, erabakiak. Beren botoekin
Herri Ekimen Legegilea Parlamentuan eztabaidatzea eragotzi dute. Demokrazia partehartzailearen, gobernantza kooperatiboaren eta abarren aldeko aldarrikapenak. Paper bustia baino ez dira”.
1.100 eurora, Nafarroan
Bestalde, pentsiodunek gogorarazi dutenez, “Nafarroako Parlamentuak (tartean EAJ eta PSEk) gutxieneko pentsioaren osagarria 1.100 eurora igo du 2026rako, hamalau ordainsaritan; positiboa da, baina ez da nahikoa, bereziki eskatutako baldintzengatik. Zergatik, EAJ-PSEk Nafarroan ahal dute, pentsioak osatu eta EAEn ez?. Borondate politikoa izan ezkero, ikusi da ahal dela Nafarroan”.
Beasainen
Datorren asteleheneko elkarretaratzea Beasainen egingo dute, 11:00etan, Zubimuzu plazan.













