Legazpiko Udalak ongi etorria egingo die herrian erroldatutako pertsonei
Ekitaldia urtarrilaren 31n izango da, udaletxean. Iaz 261 pertsona erroldatu ziren lehen aldiz Legazpin, nazionalitate desberdinetakoak. Gaur egun 52 nazionalitate desberdinetako herritarrak daude Legazpin.
Urrian ospatu zen kulturen arteko eguna, Legazpiko biztanleen aniztasunaren ispilu.Tere Madinabeitia Legazpiko Udalak ongietorria egingo die 2025ean lehen aldiz udalerrian erroldatu ziren pertsonei. Ekitaldi ofiziala izango da, eta Eric Galvez alkateak gidatuta, hilaren 31n, larunbatarekin, egingo dute, 12:00etan, udaletxean.
Ekitaldia “xumea eta hurbila” izango dela aurreratu dute, “elkar ezagutzeko pentsatua, tarte atsegin bat partekatzeko eta auzokide berriei Legazpi euren etxea dela helarazteko”. Ongietorri “hurbil eta sinbolikoa” izango da, eta horren bidez udalak eskertu egin nahi die herrira iritsi berriei, “Legazpi bizitzeko leku gisa aukeratu izana eta bere bizi proiektua hemen garatzea erabaki izana”.
Topaketa ondo antolatu ahal izateko, joan nahi duten erroldatu berriek baieztatu egin beharko dute bertaratuko direla. Horretarako udaletxera deitu beharko dute, 943 73 70 30 zenbakira.
261 erroldatu berri
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, 2025ean zehar 261 pertsona erroldatu ziren lehen aldiz Legazpin, eta “komunitate legazpiarreko kide bihurtu” ziren. Iaz legazpiar bihurtutako pertsonak hainbat nazionalitatetakoak dira. Guztira, 52 nazionalitate desberdinetako pertsonak bizi dira Legazpin, “udalerriko aniztasun eta aberastasun sozialaren erakusgarri, eta guztiak ongi etorriak dira, eta elkarbizitzan, errespetuan eta hurbiltasunean oinarritutako komunitatearen funtsezko parte”.
Gainera, 2025ean 42 jaiotza erregistratu ziren udalerrian. Familia horiei ere ongietorria eskainiko diete otsailean egingo duten ekitaldi berezi batean.
Erroldatze eta jaiotza hauekin, Legazpik 8.442 biztanle ditu guztira 2025eko abenduaren 31ko datuen arabera. “Kopuru horrek erakusten du udalerriak hazten jarraitzen duela eta, urtez urte, pertsona askok aukeratzen dutela Legazpi bizitzeko”.













