Parkeen biziberritzea, haurren begiradatik
Legorretako hiru jolas eremu berritzeko proposamenak egin dituzte haurrek. Gaztetxe ondoko parke handitik hasiko dira lanak, zorua okerren duelako.
Haurrek eta gurasoek Legorretako udal areto nagusia bete zuten atzo arratsaldean.Loinaz Agirre. Azken hilabeteotan, Ugaro ikastetxeko 6 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoak, herriko jolas eremuak biziberritzeko prozesuan murgilduta egon dira. Laia kooperatibak gidatuta, hiru saiotan, 12 haurrez osatutako taldeak, herriko hiru jolas guneak aztertu, eta beraien nahiak islatu dituzte hiru maketetan. Prozesuan zehar, ikuspegi zabalagoa izateko, gurasoen eta familien ekarpenak ere jaso dira, etxean erantzundako galdetegien bidez. Bestalde, prozesuan zuzenean parte hartu ez duten haur eta gaztetxoak ere, marrazkien bitartez jolas eremu berrirako proposamenak egin ahal izan dituzte.
Atzo arratsaldean, udaletxeko areto nagusia haurrez eta gurasoz betea zela, eremu bakoitzerako proposamenak aurkeztu zizkieten udal arkitektoari eta alkateari. Ondoren, proposamen horietatik egingarriak zeintzuk diren jakinarazi zien udal ordezkariek. 62.000 euroko diru partida dago finkatutako aurtengo aurrekonturako.
Parke handia
Gaur egun dauden jolas eremuetan dauden elementuetatik zer mantendu eta zer kenduko luketen, eta zein elementu berri jarriko luketen aztertu zuten haurrek lehen saioan. Gaztetxearen ondoan dagoen parke handiari dagokionean haurren nahia ondorengoa da: ping pong mahaia mantentzea, berria edo berrituta; eta kalisteniako barrak, ur jolasak, lurreko tranpolina, hamaka handi bat eta eserlekuak jartzea.
Iñaki Agirre alkateak jakinarazi zienez, eremu horretatik hasiko dituzte berrikuntza lanak, zorua okerren duen eremua delako. Haurrek egindako ia guztiak bideragarri ikusi ditu udalak, ur jolasena izan ezik. «Ur txorrotak edo ur jolasak jartzeko toki egokiagoa da parke txikiaren ondoko eremua».
Parke txikiaren ondoko eremuarekin jarraituz, jira-bira gailuaz eta ur txorrotez gain, haurrek skate parkea jartzea proposatu dute. Kasu horretan, ur txorrotak jartzeko toki egokia ikusten du alkateak, baina ez skate parkea jartzeko. «Egoteko leku bat da eta egoteko leku batean jendea patinetearekin saltoka ibiltzea ez dugu oso egoki ikusten. Eta bestalde, bizikleta parkean dagoen tokian etorkizunean badaukagu skate parke bat egiteko proiektua. Etorkizunean diru laguntza bat jasoz gero, nik uste askoz ere leku egokiagoa dela skate parkea jartzeko».
Era horretan, «lasai egoteko eta freskatzeko» eremu bezala egokitzea aurreikusten du udalak. Ur jolasgarriarekin batera, mahaiak, eserlekuak eta jolasak jarriko dituzte. Azkenik, haurrek proposatutako jira-bira gailua parke txikian jarriko dute.
Parke txikia
Parke txikiari dagokionean, gaur egungo etxolen ordez, gaztelu handiago bat txirrista eta eskailerekin, jolas panelak, aldenik alde tirolina, bizikleta eta patineteentzat aparkalekuak, ziburu handiak eta egokituak, zakarrontziak… jartzea izan da haurren ekarpena. Laiako Leire Garmendiak zehaztu zuenez, orain dauden bi etxolak mantendu egingo dira txukunduta eta beste elementuren bat gehituta; sare moduko bat agian. «Gaztelu batek diru asko balio du». Ziburu desberdinak, lau-bat lagun etzanda sartzen direnak eta egokitua, jira-bira gailua, zakarrontziak eta aparkalekuak ere aurreikusi dituzte. Bestetik, «tirolina jartzeko ez du ematen tokiak. Baina aztertuko da herriko beste tokiren batean jartzea. Badakigu ia denok nahi duzuela tirolina bat. Aztertuko da».
Eskola atarian zer hobetu eta zer kendu hausnartzeko aukera ere izan dute haurrek.
Aurkezpenaren amaieran, alkateak eskerrak eman zizkien prozesuan parte hartu zutenei.



















