‘Gipuzkoa behin betiko’ erakusketa martxora arte ikusgai
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan bisitatu daiteke, ohiko ordutegian.
'Gipuzkoa behin betiko' erakusketaren aurkezpen ekitaldia, pasa den ekainean.Josune Zarandona Gipuzkoa hitza —Ipuskoa jatorrizko idazkeran— lehenengoz idatzita aurkitu zela mila urte bete ziren 2025ean. Urteurren horren harira Gipuzkoako Foru Aldundiak Ipuskoa: Izanetik izena 1025-2025 proiektua bultzatu zuen eta, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean izeneko erakusketarekin osatu du ekimena.
Erakusketa ekainean jarri zen ikusgai Zumalakarregin, gure lurraldeak gaur egun ezagutzen dugun probintzia bihurtzeko izan zituen aldaketak erakutsiz. Hasiera batean, 2025a amaitzearekin batera bukatzekoa zen erakusketa, baina martxoaren 22ra arte luzatuko dute epea, Ormaiztegiko museotik jakitera eman dutenez.
Erakusketarekin lotuta hainbat jarduera antolatu dituzte hilabete hauetan eta datozen asteetarako ekintza gehiago programatzekotan direla aurreratu dute.













