Martxoaren 17ko greba orokorrerako deia egin dute LABeko ordezkariek
"Euskal langileontzat gutxieneko soldata propioa lortzeko eta, oro har, soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak betetzeko" deia egiten du LABek.
Goierriko eta Buruntzako LABeko ordezkariak, Villabonan.LAB. Euskal gehiengo sindikalak deitu duen martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko eskualdeko ordezkarien batzarra egin du LAB sindikatuak Villabonan. “Deialdia zabaldu eta lantokiz lantoki grebarako arrazoiak langileekin partekatzeko, buru-belarri lanean ari gara LABeko kideak”, dio prentsa oharrak. Izan ere, sindikatu abertzalearen esanetan, “grebarako arrazoirik ez baita falta”.
LABek azpimarratu duenez, “bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko”. Era horretan, “Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. Horregatik, Greba Orokorrera goaz”.
Sindikatu deitzaileek –ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde– urtarrilaren 19an erregistratu zuten greba.
Gutxieneko soldata negoziatzeari uko
Bestalde, gaineratu du, Patronalak uko egin diola gutxieneko soldata negoziatzeari. “CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari”. Eta era berean, “Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aurrez pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten”.
Eremu pribatuan eta publikoan, “etengabe erasotzen dira langileon soldatak”, dio LABen oharrak. “Orain, absentismoaren mantrarekin datoz murrizketa berriak inposatzera. Beraz, Greba Orokorrarekin langileon indarra erakutsiko dugu”.
Greba orokorrerako “hamaika motibo” badirenez, LABek Goierriko langile guztiei dei egin die euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorrarekin bat egiteko. “Greba eta mobilizazio egun arrakastatsu baten alde lanean jarraitzen dugu”.
Martxoaren 17ko greba orokorrerako eskariak
- 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko.
- Arrakala matxista eta arrazistak murrizteko.
- Soldata guztiak gorantz bultzatzeko.
- Enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko.
- Gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko.
- Sortzen dugun aberastasuna justuago banatzeko.
- Soldatak hemen erabakitzeko, eremu pribatuan zein publikoan.
- Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko.












