Mirandaola martxan jarrita, turismo urte berria hasiko dute igandean Legazpin
Lenbur Fundazioak bi saio egingo ditu, 11:30ean eta 12:30ean. Iazko turismo balorazioa ere egin dute, eta Legazpi izan da Goierri garaikoen artean bisitari gehien jaso dituen herria. Legazpik, gainera, lekua du gaur bertan ireki den Fitur azokan.
Turismo urte berriari ekingo dio Legazpik igandean, Mirandaola burdinola martxan ikusteko denboraldiari hasiera emanez. Lenbur Fundazioak iragarri du bi saio egingo dituztela, bata 11:30ean eta bestea 12:30ean. Esperientzia «berezia eta ikusgarria» izango dela agindu du, eta amaieran burdinolako txingarretan egindako txistor «ola-pintxoak» banatuko zaizkie bisitariei.
Aurretik, 11:00etan Ezpataren misterioa izeneko jarduera ere eskainiko dute. Haurrentzat bereziki pentsatuta dago, eta burdinaren prozesu osoa ezagutzeko aukera izango da.
Izena eman behar da mirandaola@lenbur.com helbidean edo 943 730 428 telefono zenbakian.
Iazko balorazioa
Turismoaren alorreko iazko balorazioa ere eman du jakitera udalak. Legazpiko baliabide turistikoek 25.476 bisitari jaso zituzten 2025ean, Goierri garaiko kopururik altuena. Gainera, aurreko urtean baino gehiago izan ziren, 2024an 25.064 bisitari jaso zituelako herriak. “Hazkunde txikia baina esanguratsua” izan dela nabarmendu du udalak.
Goierri garaiko museo eta interpretazio zentro guztiak batuta, 55.371 bisitari izan ziren 2025ean, horietatik ia erdia Legazpin. Kopuru horiek Legazpi inguruko «kultur turismoaren motor nagusietako bat» dela berresten dute.
Lenbur Fundazioarekin elkarlanean ondare industrialaren balorizazioaren alde egindako “apustu sendoaren emaitza zuzena” da balorazioa udalaren esanetan. “Burdin Harana ez da soilik museo bat: Legazpiren historiaren, nortasunaren eta etorkizunaren erakusleiho nagusia da”.
Fiturren, Inaziotar bidearen barruan
Legazpik, bestalde, bere lekua du gaur bertan Madrilen ireki duten Fitur turismo azoka entzutetsuan. Herritik igarotzen den Inaziotar Bidean berrikuntzak egin dituzte Inaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak (AMCI) bultzatuta, eta gaur aurkeztuko dituzte Turespañako standean, Inaziotar Bidea: bide bat, hamar helmuga lelopean. Eric Galvez alkatea aurkezpenean izango da, Legazpi ordezkatzen eta “udalak proiektu turistiko estrategiko horrekin duen konpromisoa berresteko”.
Inaziotar Bidearen webgune berria ere aurkeztuko dute ekitaldian. Ibilbideari buruzko informazio eta baliabide guztiak biltzen ditu, baita hiru eguneko egonaldietan lurralde desberdinak ezagutzeko hamar proposamen turistiko ere.
AMCI elkartea osatzen duten 73 udalerrietako bat da Legazpi, eta Madrilgo ekitaldian Azkoiti, Azpeiti, Urretxu eta Zumarragako ordezkariak ere izango dira, horiek ere AMCIko kideak. Guztira, 70 udal ordezkari inguruk parte hartuko dute “topaketa estrategiko honetan”, Inaziotar Bidearen ikusgarritasuna estatuko eta nazioarteko turismo eragileei begira indartzeko.
Inaziotar Bideak 1522an Inazio Loiolakoak egindako ibilbidea berreskuratzen du. Loiolatik Manresara (Herrialde Katalanak) doan 650 kilometroko bidea da, bost autonomia erkidego zeharkatzen dituena: Euskadi, Errioxa, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia. Ibilbideak balioan jartzen ditu bertatik igarotzen diren udalerrien ondare historikoa, naturala, kulturala eta gastronomikoa, horien artean Legazpirena, kultur eta barne turismoari lotutako helmuga gisa duen kokapena indartuz.
Udalaren aranera, Legazpik Fiturrek duen presentziak “aukera estrategiko garrantzitsua” eskaintzen du udalerria sustatzeko eta harreman estrategikoak ezartzeko. Era berean, 2029ra arteko Ekintza Planaren baitan etorkizunera begiratzen duen proiektu baten barruan duen papera sendotzen du, Inaziotar Bidea tokiko garapenaren eragile gisa bultzatuz.













