Antzerki Garaiko Ordiziako lehena
AmaHiru konpainiak ‘Etxea’ antzezlan berria taularatuko du bihar, 20:30ean, Ordiziako Herri Antzokian. Umorezko lana da; etxebizitza eta zahar eta gazteen arteko harremanak lantzen ditu.
Iñaki Cid, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi dira amaHiru konpainiako kideak.Hitza Urtarrilarekin batera hasi da Antzerki Garaia, Ordizia eta Beasaingo udalek elkarlanean antolatutako antzerki zikloa. Aurtengo egitarauko bigarrena, eta Ordiziako lehena, bihar izango da, Herri Antzokian, 20:30ean hasita. Sarrerak 12 euro balio du.
AmaHiru konpainiaren azken lana da, Etxea, Ordizian taularatuko dutena. Iñaki Cidek sortua da, eta Jon Ander Alonsok zuzendua. Antzezleak, berriz, Iñaki Cid berarekin batera, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi dira. Antzerki Garaia zikloko zortzi antzezlanetatik sei dira euskaraz, eta kasu honetan ere euskaraz izango da.
Geuretik Sortuak
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak proiektutik sortutako emaitza da. Etxea, etxebizitza, zahar eta gazteen arteko harremanak ditu hizpide AmaHiruren azken umorezko lanak. Hainbat elkarbizitza eta zaintza eredu agertzen dira. Sinopsiak horrela dio: «Berrehun metro karratuko etxe baten aurrean gaude. Sabai altuak, haritzezko zoruak eta kaobazko ateak. Sartzean, ezkerrean egongela nagusia, zure lan prekarioaren ondoan, eta aurrerago beste egongela bat, txikiagoa, inoiz lortuko ez dituzun ametsez betea. Aurrez aurre sukaldera iristen gara, bidean ahaztu dituzun lagunen jangelarekin lotuta. Bi bainugela, zure amak egoitza batera joateko saldu berri duen etxekoen modukoak, bainuontzia eta nostalgia lagun. Dena oso argitsua, ez ordea zure etorkizuna. Hiru balkoi ditu, hiriko teilatu guztiak ikusten direnak: Itsaso, Pello eta Sebas. Gure protagonistak bezala. Sukaldean amona dago, etxearen jabe, zaintzaile eta presoa. Bizitzeko prest. Aukera paregabea».
Beste sei antzezlan
Apirilaren 24ra bitartean, txandakatuz, ondorengo beste sei antzezlanak eskainiko dituzte Beasainen eta Ordizian, 20:30ean. Otsailaren 6an, Desobedienteak, Beasainen, Garingo Omar Somai protagonista duela; otsailaren 13an, gaztelaniaz, Joseba Apaolaza urretxuarraren 52 Hercio(s), Ordizian; martxoaren 13an, R&J (gaztelaniaz), Beasainen; martxoaren 27an, Kandida, Ordizian; apirilaren 17an, Loreen hizkuntza Beasainen; eta apirilaren 24an, Joseba Apaolazaren Trajea, Ordizian.










