Extremadurako gastronomia ezagutzeko aukera igandean, txerri hilketaren ondorengo festarekin
Legazpiko La Bellota elkarteak antolatuta, 11:00etatik aurrera ospatuko da Azokan. Txerrikiarekin eta ogi mamiekin batera, musika ere izango da protagonista.
Txerriaren hilketa ondorengo festa aitzakia hartuta, Extremadurako jatorria duten legazpiarren La Bellota elkarteak Espainiako lurralde horretako kultura eta gastronomia erakutsiko dute beste urte batez. Igandea da eguna, hilaren 25a, eta tokia, Azoka. Goizeko festa izango da, eta 11:00etan hasiko da. Aurreko egun hauetan, festarako prestaketa lanetan daude murgilduta elkarteko kideak San Ignazio auzoko egoitzan.
Gastronomiaren alorrean, txerrikia eta ogi mamiak dira igandeko festaren osagai nagusiak. Hala, txorizoa nola egiten den erakutsi eta hirugiharra eta xerrak erreta jarriko dituzte salgai, eta ogi mami zuriak eta gorriak prestatu eta salduko dituzte. Hango ardoa ere izango da.
Extremadurako kulturaren atala, berriz, musikak eta kantak beteko dute, eta aurreko urteetan bezala, elkarteko hainbat kideren ardura izango da.
Prestaketa lanak
Garai batean, La Bellotakoek txerria erosi eta hazi ere egiten zuten auzoko baserri batean, eta egun honetarako hil. Baina azken urteetan, animalien babeserako legearen eta osasun eskakizunaren ondorioz, animalia hilda eta zatitzeko prest ekartzen dute. Azken lanak besterik ez dituzte egiten, eta ez dira gutxi: txerria zatitzea, odolkiak egiteko barazkiak txikitzea edo baratxuriak zuritzea. Ogi mamiak prestatzeko ogia zatitu eta lehortzen ere jarri behar izaten dute aurreko egunetan.
Prestaketa lan horiek amaituta, bazkarian elkartuko dira elkarteko kideak, eta horretan ere Extremadurako jakiak izango dituzte: txerri hezurrekin eta urdaiarekin egositako txitxirioak azarekin, eta odolkia.










