Markel Vesga, xakearen gailurretik gertuago
Abenduan FIDE Maisua titulua eskuratuta ekin dio urte berriari Legazpiko xake jokalari gazteak. Xakeaz gozatuz, hurrengo titulua lortzeko hainbat liga eta txapelketetan lehiatzen jarraituko du.
Markel Vesga, iaz Legazpin jokatu zen Euskadiko txapelketan.Gorka Gomez IDE Nazioarteko Xake Federazioaren Maisu titulua eskuratuta, Markel Vesga gazteak (Legazpi, 2006) gertuago du kirol modalitate horretako gailurra. Abendu amaieran lortu zuen titulua, Madrileko Alcorconen jokatutako nazioarte mailako torneoan. Hurrengo pausoa Nazioarteko Maisu titulua litzateke, eta gailurrera igotzeko, Maisu Handiarena.
Xakeko Maisua izateko, federazioak ematen dituen 2.300 ELO edo puntuko langara iritsi behar du jokalariak. Aurkariak duen puntuazioaren arabera eta partiden emaitzen arabera lortzen dira ELOak. Espainia, Armenia, Txina eta Costa Ricako jokalarien arteko Alcorconeko torneoa hastean, Vesgak 2.281 ELO zituen, eta han bertan lortu zituen 23 gehiago, 2.314 ELO pilatuz guztira. Berak baino ELO gehiago zituzten aurkarien kontra hiru garaipen, bost berdinketa eta porrot bat lortu eta gero eskuratu zituen puntu horiek. Torneoa rankingeko zortzigarren postuan hasi zuen, eta emaitza horien ondoren, bigarrenean amaitu zuen.
Vesgak Maisu titulua lortu izanak mugarri bat ezarri du Gipuzkoako xakearen munduan, maila horretara iristen azken jokalaria Iñigo Martin izan zelako, 2010. urtean. Euskal erkidego mailan ere badu bere garrantzia legazpiarraren lorpenak, 2018an eskuratu zuelako azken titulua Adrian Martinezek.

Alcorconeko txapelketan, partida bat hasi aurretik
Titulua, «sari bat»
Legazpiko jokalariak urte bikainari eman dio amaiera horrela. Urtea 2.158 ELOrekin hasi zuen, eta jokoan maila altua erakutsi zuen jokatutako liga eta txapelketetan. Hasteko, Taldekako Euskal Ligan parte hartu zuen urtarriletik martxora, Abadiñoko (Bizkaia) taldekide gisa. Apirilean, Legazpin jokatutako Euskadiko txapelketa absolutuan jardun zuen, eta uztailean, Benasque Hiria torneoan (Huesca, Espainia). Abuztuan taldekako Espainiako txapelketan jokatu zuen Sabadellen (Herrialde Katalanak), eta Donostian, Groseko Nazioarteko Irekian. Azaroan hirugarren egin zuen Lapurdin, Baionako Nazioarteko Irekian, eta urtea amaitzeko, irabazlearekin berdinduta zazpigarrena izan zen Irungo Nazioartekoan, eta Alcorconen, bigarrena.
Emaitza horiek Maisu izateko falta zituen ELOak lortzen lagundu zioten. Vesga oso pozik dago lorpen horrekin. «FIDE Maisu titulua lortzea oso garrantzitsua da niretzat, xakea oso diziplina exijentea delako», aitortu du. Lehian 12 urte besterik ez zituela hasi zen jokalari legazpiarra, eta titulua zazpi urteren ondoren iritsi zaio, «prestaketa handiaren eta txapelketa ugari jokatu eta gero». Saritzat hartu du «erregulartasunari eta konstantziari saria da niretzat».
Urte berrirako planak
Xake urte berrian sartuta dago orain Vesga, Gabonetan eta unibertsitateko azterketak egiteko atseden txiki bat hartu eta gero. Lehiara itzulita dago, eta Abadiñorekin, erkidegoko hamar talde onenak biltzen dituen Euskal Ligako Ohorezko Mailan ari da.
Informatika eta Adimen Artifizialeko unibertsitate ikasketekin partekatzen ari da xakea, eta zaila bada ere, «nire aisialdian eta familiarekin egiten ditudan bidaietan saiatzen naiz tarte bat hartzen entrenatzeko eta diziplina horretaz gozatzeko».
FIDE Maisu titulua entrenatzen eta lehiatzen jarraitzeko aparteko pizgarri bat izan da legazpiarrarentzat. Gainera, etorkizunari begira erronka bat ezartzeko balio izan dio: «Askok animatu naute hurrengo pausoa eman eta 2.400 ELO behar dituen Nazioarteko Maisu titulua eskuratzeko, xakearen komunitatean aitortza handia duena. Baina momentuz, prestatzen jarraituko dut eta xakeaz gozatzen. Emaitzak gero etorriko dira».
Ikasketen arabera entrenatuko du aurrerantzean, beti ere fisikoki eta mentalki sasoi onean mantentzeko ardurarekin. Izan ere, xake partida asko oso luzeak izaten dira, zortzi ordukoak batzuetan, aurkariak aztertzeko behar den denbora gehituta, eta «horregatik da hain garrantzitsua sasoi onean egotea».

Vesga, klase bat ematen.
Xake irakasle
Vesgak ez du lehiara mugatzen xakearekin duen harremana, irakasle ere badelako, haurrena zein helduena. Duela zortzi urte bere baitan hartu zuen Legazpiko Santikutz klubeko irakasle da orain, baita Gipuzkoako Federazioan ere, potentzial handia erakusten duen haurrekin.
Oñatin ere ematen ditu xake klaseak, eta herri horretako kluba sortzeko bultzatzaileetako bat izan da, gainera.











