Bigarren elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Legazpiko egoitzako langileek
Atzo egin zuten lehena, lantokiaren aurrean, eta gaur elkartuko dira berriz, 17:00etan. Lan hitzarmen duin bat eta egoiliarrentzako ratioen hobekuntza eskatzea da mobilizazioen helburua.
Legazpiko Santikutz adinekoen egoitzako langileak ere batu egin dira ELA sindikatuak deitutako mobilizazioetara, eta atzo arratsaldekoaren ondoren, gaur bigarren elkarretaratzea egingo dute haien lantokiaren aurrean, 17:00etan.
Aldarrikapenak egoitzako langile guztienak zirela adierazi zuten hasteko: “erizain laguntzaileena eta garbitasuneko langileena”. Bertan irakurri zuten agirian esan zutenez, “egoitzak urte askoan pertsonak uzteko lekuak besterik ez dira izan, baina 2026an kontzientzia sozialak eboluzioa eskatzen digu. Garaia da zentro hauek bizitza ospatzeko gune bihurtzeko”.
Ondoren, aldarrikapenak zerrendatu zituzten: egoiliarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko, langile espezializatuen ratioa hobetzea; zerbitzuaren kalitateari duintasuna emateko, inbertsio publiko handiagoa; soldata justuak, “egoitza publikoen eta Aldundiak kudeatzen ez dituen egoitzen arteko arrakala %35ekoa da, eta horrek areagotu egiten du sektore honen prekarietatea eta desberdintasuna”; Aldundiak desblokeatu ditzala berehala konfliktoak eta negoziazio mahaia; kontratu duinak, hau da, kontratu partzial gutxiago eta lanaldi osoko kontratu gehiago.
Amaieran, eskerrak eman zizkieten elkarretaratzera batu ziren herritarrei, eta gaurko 17:00etan egingo den bigarren mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatu zuten.













