Legazpi eta Urretxu Inaziotar bidearen aurkezpenean izan dira Fitur azokan
Kalitatezko turismo destino gisa aurkeztu dute ibilbidea, eta webgune berria du. 'Inaziotar Bidea. Bide bat, hamar destino' turismo produktua ere aurkeztu dute.
Inaziotar Bideko Udalerri elkarteko hainbat kide, tartean Eric Galvez eta Jon Luqui Legazpiko eta Urretxuko alkateak. Loiolan hasi eta Herrialde Katalanetako Manresa hirian amaitzen den Inaziotar Bidea Goierri garaitik igarotzen da, eta Legazpiko eta Urretxuko Eric Galvez eta Jon Luqui alkateak egun hauetan Madrilen egiten ari den Fitur turismo azokan izan dira, ibilbide hori kalitatezko turismo destino gisa defendatzeko egin duten aurkezpenean. Legazpikoarekin eta Urretxukorekin batera, ibilbide horrek zeharkatzen dituen beste 80 herritako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean, Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Kataluniako erkidegoetakoak.
Inaziotar Bidearen aurkezpen ekitaldia atzo arratsaldean egin zuten, Espainia osoaren promozioa egiten ari den Turespaña estandean. Horren baitan, Inaziotar Bidea. Bide bat, hamar destino lelopean, bideak zeharkatzen dituen lurraldeetan bisitatzeko hamar proposamen egin zituzten, caminoignacianoturismo.com webgunea aurkeztu zuten, eta lehen promozio bideoa ere eskaini zuten.
Ekitaldian Jordi Hereu estatutako Industria eta Turismo ministroa izan zen, eta bere babesa adierazi zion turismo proiektu honi.
Proiektu honen atzean Inaziotar Bidearen Udalerrien Elkartea dago, eta Fituren egindako aurkezpena batzarra egiteko baliatu zuten partaideek. Datozen urteei begira hainbat asmo asmo dituzte, besteak beste, bidearen seinaleztapena bateratzea, eta lurralde bakoitzean herritarren artean sentsibilizazio lana egitea. Gainera, tresna digital berriak erabilita marka komun bat sortuko, eta elkarlanean jardungo dute baliabideak bilatzeko. 2029ko epea jarri dute lan horiek gauzatzeko, Jubileu urtea dela baliatuz.













