Andoni Berasategi, Aitziber Makazaga eta Oihan Telleria, Goierriko Bola Txapelketako txapelen bila
Lehen tiraldia amaitu berria da Zerainen. Guztira 41 bolarik parte hartu dute, eta gizonezkoen, emakumezkoen eta gazteen sailkapenen buru jarri dira hiruak, hurrenez hurren.
Amaitu berria da Goierriko Bola Txapelketako lehen tiraldia Zerainen, Antonio Alustiza bolatokian. Zortzi saiotan banatutako txapelketaren buru Andoni Berasategi jarri da, 47 birla botata. Ondoren Joxean Ormazabal sailkatu da 46 birlekin, eta hirugarrena Josu Lasa izan da, 45 birlekin. Hurrengo sailkatuak J.M. Apaolaza eta Ramon Iglesias izan dira, 42 birlekin.
Goierriko txapelketako lehen tiraldi honetan 41 bolarik parte hartu dute, eta horietatik bost emakumezkoak izan dira, eta hiru, gazte mailakoak. Emakumezkoen artean Aitziber Makazaga zeraindarra izan da lehena, 41 birlekin. Gazteetan, Oihan Telleria sailkatu da lehena, 39 birlekin.
Txapelketa zortzi tiralditan dago banatuta, eta hurrengo hitzordua otsailaren 7an izango da, Seguran. Ondoren, Gabiriakoa etorriko da otsailaren 21ean, Olaberrikoa martxoaren 7an, Zegamakoa martxoaren 14an, Mutiloakoa apirilaren 18an, Idiazabalgoa maiatzaren 9an, eta Legazpikoa eta finala, maiatzaren 23an.













