Hasi da Goierriko bola txapelketa
Bolariak bolatan ari dira goizetik Zeraingo bolatokian, eta tiraldiak jarraipena izango du arratsaldean. Maiatzaren 23an amaituko da txapelketa, zortzigarren tiraldiarekin.
Bolariek hasi dute Goierriko Bola Txapelketa. Goizetik dago jokoan lehen tiraldia Zeraingo bolatokian, Goierri bertako eta Gipuzkoako beste herri batzuetako bolarien partaidetzarekin. Bazkaltzeko atsedenaldiaren ondoren, arratsaldean jarraituko dute jarduna bolariek, 16:30etik aurrera.
Gaur Zerainen hasita, maiatzaren 23an amaituko da Legazpin 36. ediziora iritsi den Goierriko txapelketa. Bitartean, beste sei tiraldi ere izango dira: Seguran, otsailaren 7an; Gabirian, otsailaren 21ean; Olaberrin, martxoaren 7an; Zegaman, martxoaren 14an; Mutiloan, apirilaren 18an eta Idiazabalen, maiatzaren 9an.
Txapelketa zortzi tiraladietan botatako birlen kopuruak erabakiko du. Txapelak gizonezkoen, emakumezkoen eta gazteen mailetan banatuko dira.













