Hasi dituzte Aizkorri kalea birmoldatzeko lanak
Makinak lanean daude Txorronea pareko bidegurutzean. Kale osoa irisgarriago egitea eta azpiegiturak berritzea dute helburu obrek.
Aurreko astean obra-kasetak eta beste elementu batzuk haur parkearen eremuan instalatu eta gero, hasi dituzte Legazpiko Aizkorri kalea birmoldatuko dituzten obrak. Txorronea pareko bidegurutzean ari dira gaur lanean makinak.
Udalak Construcciones Artzamendi enpresari esleitu zizkion lanak udazkenean, 1.065.443,95 euroko aurrekontuarekin, eta horrek 13 hilabeteko epea izango du proiektua burutzeko. Ingurune horretako irisgarritasuna hobetzea dute helburu obra hauek, eta azpiegiturak hobetzeko ere baliatuko dituzte.
Txorroneatik biribilguneraino
Lanak Aizkorri kalearen hegoaldean egingo dituzte, Txorroneatik hasi eta biribilguneraino doan zatian. Irisgarritasuna hobetzea, hiri-azpiegiturak berritzea eta oinezkoentzako gune atseginagoa eta seguruagoa sortzea dute helburu.
Batetik, zoladurak eta espaloiak berrituko dituzte. Hornidura, saneamendua eta argiteria sareak ere ordezkatuko dituzte, eta euri urak modu jasangarrian jasotzeko sistemak jartzeaz gain, lurzoru azpian ere obra garrantzitsuak egingo dituzte, bereziki, euri-uren eta ur zikinen saneamendu sarean eta ur horniduran.
Horrekin batera, bide espazioa berrantolatuko dute, oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten arteko bizikidetza errazteko. Zentzu honetan, bidegorriari jarraipena emango diote, errepidetik banatutako trazadurarekin.
Gipuzkoako Urak proiektua finantzatzen lagunduko du, jarduketek bere eskumeneko hiri zerbitzuei ere eragiten dietelako.
Bitarte horretan oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioan eta autobusen ibilbidean aldaketak izango dira.













