Legazpiko gazteak Gorlizera joango dira Pazko Astean Sorgintxulorekin
Bihar ostirala da izena emateko eguna. Egonaldia apirilaren 7tik 9ra izango da, eta DBHko ikasleei dago zuzenduta.
Sorgintxulo aisialdi taldeak Gorlizko aterpetxera (Bizkaia) eramango ditu Legazpiko gazteak Pazko Astean. Egonaldia apirilaren 7tik 9ra artean izango da, eta DBHko ikasleei zuzenduta dago.
Izena emateko eguna ostirala da, eta joan nahi dutenek elkarteak Itxaropen auzoan duen lokalera joan beharko dute, 17:00etatik 19:00etara.
Egonaldirako 40 plaza daude, eta gazte gehiago apuntatzen badira, zozketa egingo dute hilaren 13an. Prezioa 57 euro da.
Ekintza honen bitartez, euskararen erabilera sustatu, Legazpitik kanpo egun batzuk pasa, teknologia alde batera utzi eta adin ezberdinetako beste kuadrillekin eta nerabeekin harremanak izatea lortu nahi da. Aldi berean, Sorgintxulo taldeak uztailean antolatuko duen kanpaldian parte hartu nahi duten gazteak eta begiraleak elkar ezagutzea da irteera honen beste helburu bat.













