San Ignazio eta San Martin auzoetako bidegurutzea aldatuko du udalak
Bilera egingo du bihar eguerdian auzotarrekin, proiektuaren berri emateko. Legazpi Auzoetatik bilera errondak jasotako eskari bati erantzuna emango diote horrela.
San Martin eta San Ignazio auzoetako bidegurutzea aldatuko du Legazpiko Udalak, eta proiektu horren berri emateko bilera irekia egingo du bihar ostirala. Egin behar dituzten lanen aurkezpena 12:00etan izango da, San Martin auzoko 2. zenbakiaren parean dagoen aparkalekuan.
San Martin 1etik 13ra arteko eta San Ignazio 1etik 19ra arteko auzotarrak daude gonbidatuta, eta udalak atari edo komunitate bakoitzeko gutxienez pertsona bat joateko eskatu du, lanak egin aurretik azken ekarpenak jasotzeko.
Proiektu hau udalak martxan jarritako Legazpi Auzoetatik parte-hartze prozesuaren emaitza da. Udal ordezkariak herriko auzoetan zehar bilerak egin dituzte azken hilabeteetan, bertako biztanleen pertzepzioa eta proposamenak jasotzeko. Bi auzo horietako bileran San Martin 1 eta 2 eta San Ignazio 5-6 bis parean dagoen bidegurutzea eraberritzeko proposamena egin zuten.
Udalak esku artean duen proiektuak espazioaren segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzea du helburu.













