Alegiko Sindikatoak Landaola Saria jaso du
Erakunde publikoaren kategorian izan da saritua Itsasoko herriak garatutako proiektua. Mendaroko San Agustin Kulturgunean banatu dituzte sariak eguerdian.
IX. Landaola Sarietako saritu guztien taldeko argazkia, gaur, Mendaron. Landaola Itsasoko Alegiko Sindikatuak jaso du gaur eguerdian Gipuzkoako Landa Garapen elkarteak biltzen dituen Landaola Federazioak –tartean dago Goierriko Goimen– banatzen dituen Landaola sariak.
Mendaroko San Agustin Kulturgunean egin dute aurten IX. Landaola sarien banaketa, eta Itsasoko herriak garatutako proiektua Erakunde Publikoaren kategorian izan da saritua. Gorka Sasietak jaso du saria itsasoar guztien izenean.
Goimenek Zegamako Soraluze baserriaren Basoberri proiektua aurkeztu zuen hautagai modura Erakunde pribatuen sarirako, baina ez du saririk lortu.
SARITUAK
- Erakunde pribatuen saria: Bizi-Iraun (Oiartzungo baserritar elkartea)
- Erakunde publikoaren saria: Alegiko Sindikatua (Itsaso herria)
- Emakumeak Landa eremuan saria: Maitane Beristain Salegi
- Urteetako ibilbideari saria: Aldaba Zahar elkartea

Gorka Sasieta itsasoarra, saria jaso ondorengo hitzartzean.Landaola
Saltzailerik gabeko denda
Itsasoko Alegia auzoko Sindikatoa dendak formatu berritzaile batekin zabaldu ditu ateak. Izan ere, saltzailerik gabeko denda autonomoa da. Ekoizleen eta bezeroen arteko elkargune izateko jaio da: ekoizleek zuzenean hornitzen dute denda, eta bazkide diren herritarrek, behar bezala identifikatuta, nahi duten unean sar daitezke erosketak egitera.
Dendaririk gabeko formula zerbitzuari eusteko eta haren bideragarritasuna indartzeko hautatu da. Itsaso 160 biztanle inguruko herria denez, gertuko zerbitzua funtsezkoa da eguneroko erosketak herrian bertan egin ahal izateko, autoa hartu beharrik gabe, eta aldi berean tokiko ekoizpenari irteera emateko.
Zerbitzuak, beraz, erosketak erraztuko dizkie herritarrei, bereziki mugikortasun zailtasunak dituztenei edo egunerokoan denbora justuarekin dabiltzanei. Ekoizleentzat ere abantaila nabarmenak ditu, produktuak saltzeko gune fisiko egonkorra eskaintzen baitie. Horrela, Sindikatoa denda tokiko ekoizpena balioan jartzeko eta merkaturatze-bide laburrak indartzeko tresna eraginkorra da.
50 familia-bazkiderekin ekingo zion ibilbideari, gehienak itsasoarrak, eta gaur 67 familia-bazkide dira. Ezkioko, Gabiriako eta Ormaiztegiko erroldatuek ere bazkide izateko aukera dute, baita Itsason eta aipatuko beste hiru herrietan lan egiten dutenek ere.
Azken batean, Sindikatoa landa-eremuko jasangarritasunaren aldeko apustu praktikoa da: tokiko ekonomia aktibatzen du, ekoizpena balioan jartzen du, zerbitzuak hurbiltzen ditu, eta komunitatearen kohesioa sendotzen du.

IX. Landaola Sarietako hautagai guztien argazkia.Landaola













