Barrikotearen festa egingo dute Igartubeitin martxoaren 14an
Sagardo astearekin hasi zuten zikloari amaiera emango diote ekimen honekin. Aurtengoa 22. edizioa da. Parte hartzeko izen ematea dagoeneko irekita dago.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoak Barrikote festaren 22. edizioa ospatuko du martxoaren 14an, larunbatez. Sagardogintzako lan guztiak amaitzen direnean antolatzen den ohitura zaharrenetarikoa da festa hau, Sagardo astearekin hasten den zikloaren emaitza. Jardunaldi hau ospatzeko askotariko eskaintza gastrokulturala antolatu dute berriz, mota guztietako publikoentzat eskainia. Sarrerak 3 euroko kostua du eta doakoa izango da sei urtetik beherako haurrentzat.
Programazioari 16:30etan emango diote hasiera. Botilak birsortzen familientzako saioaren bitartez, parte hartzaileek, sagardo eta sagar zuku botilak beraien ikutuarekin apainduko dituzte. Ondoren, 17:30etan, barrikotea irekiko da. Txotxa kirikoketa eta trikitixa emanaldiekin girotuta egongo da. Musika saioekin batera, Zeraingo Oiharte baserriko sagardoa eta bertako produktuekin eginiko afari meriendaz gozatzeko aukera ere izango da.
Amaitzeko, 18:30ak aldera, sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango dugu, Euskal Sagardoaren eskutik.
Barrikotearen historia
Igartubeitiko barrikotea prozesu luze baten, ziklo baten emaitza da. Antzina, lan guztiak amaitzen zirenean, upel bat muztioz betetzen zuten. Bi aste beranduago bizilagunen arteko festa bat antolatzen zuten barrikotea dastatzeko. Baserri museoan sagardoa dastatu aurretik lan ezberdinak burutu behar izan dira, besteak beste, sagarrondoak zaindu, sagar uzta bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin.
Jarduera honetan parte hartzeko aurrez eman behar da izena, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 72 29 78 telefonoan.













