Feminismoa aldarri beste mundu bat lortzeko
Goierriko Gazte Feministak kaleak eta gaua hartuko ditu. Goierriko Koordinadora Feministak manifestazioa egingo du Ordizian. Itaiak erakusketa eta manifestazioak egingo ditu.
Zaldibian egin zen iaz Goierriko Koordinadora Feministak antolatutako manifestazioa. Aurten Ordizian izango da.Iñaki Gurrutxaga Eskualde osoan makina bat ekitaldi antolatu dira Martxoaren 8aren inguruan: manifestazioak, kontzentrazioak, bazkariak, erakusketak, zineklub saioak, solasaldiak… Ekitaldi nagusiak igandean izango dira, noski.
GAZTE FEMINISTAK
Goierriko Koordinadora Feministaren egitaraua Martxoaren 8ko eguneko lehen segundotik hasiko da: Goierriko Gazte Feministek kaleak eta gaua bereganatzeko deia egin dute, eta mobilizazioa egingo dute Beasainen, Martxoaren 8ko 00:00etan. «Borrokan» hasi nahi dute eguna. Horretarako, Erauskin plazan egin dute hitzordua martxoaren 7tik 8rako gauerdian, Kalek ta gauek gurek die lelopean. Goierri osoko gazteek status quo-aren aurka batuko dituzte indarrak.
GOIERRIKO KOORDINADORA FEMINISTA
Goierriko Koordinadora Feministaren Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazio nagusia Ordizian deitu duen eskualdeko manifestazioa da. Plaza Nagusia izango dute topaleku, eta bertan hasi eta bukatuko dute mobilizazioa. 12:30ean abiatuko dira eta ekitaldi batekin emango diote amaiera. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin duen deialdiarekin bat egin dute, eta zapalkuntza sistemen aurrean, feminismotik «beste mundu bat» eraiki nahi dutela aldarrikatzeko baliatuko dute igandeko borroka eguna.
ITAIAREN EKINTZAK
Itaiak emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko alternatiba politiko iraultzaile bat aldarrikatzeko baliatu nahi du aurtengo Martxoaren 8a. Larunbat arratsaldean erakusketa egingo dute Beasaingo kaleetan: historian zehar emakume langileek eta azken urteetan Itaiak aurrera eramandako borroka ezberdinen erakusketa izango da. Iganderako manifestazioak deitu dituzte: 13:00etan Beasainen egingo dute, plazatik irtenda, eta 18:30ean Legazpin, Euskal Herria plazatik abiatuta.
UROLA GARAIKO KOORDINADORA FEMINISTA
Urretxu-Zumarragan ere hainbat ekintza antolatu dituzte iganderako. 11:30ean emakume sortzaileei buruzko podcast-a egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan eta ondoren, 12:30ean, elkarretaratzea toki berean. Bi ekitaldi horiek Urolako Garaiko Koordinadora Feministak antolatu ditu. Gainera, emakumeen binakako pilota txapelketako partida jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan 12:00etan: Mujikak eta Larramendik, Aranburu eta Mendibururen aurka jokatuko dute.
Emakunderen sentsibilizazio kanpaina berdintasunaren alde
Emakundek, hiru foru aldundiekin eta Eudelekin batera, sentsibilizazio kanpaina bat abiarazi du Eman lekua berdintasunari. Jarrai dezagun emakumeen eskubideak esparru guztietara zabaltzen lelopean.
Kanpainak gogorarazi nahi du azken hamarkadetan berdintasunaren arloan aurrerapen asko egin diren arren, «berdintasuna ez dela lorpen bermatua», egunero zaindu, babestu eta zabaldu beharreko espazioa baizik. Bereziki, ultraeskuinak bultzatuta, berdintasunaren bidea estutu nahi duten diskurtsoak berpizten ari diren une honetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza ukatuz, emakumeen aurkako indarkeria hutsalduz eta feminismoa eta berdintasun politikak mespretxatuz.
Honen aurrean, kanpainak esparru guztietan berdintasunari leku handiagoa ematen jarraitzeko deia egiten du: enpresetan berdintasun planak aplikatuz, soldata berdintasunerantz aurrera eginez, ikasgeletan hezkidetzaren aldeko apustua eginez, belaunaldi berriak genero rol mugatzailerik gabe heziz, zereginak eta zaintzak modu orekatuan banatuz, gorrotoaren eta desinformazioaren diskurtsoak salatuz, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde eginez eta genero ikuspegia txertatuz plan, jarduketa eta erabaki politiko bakoitzean.













