Herri festen aldeko aldarria egingo dute 29. Iparra Hegoan
Martxoaren 9tik 15era ospatuko da aste nagusia Seguran. Segurarrek Urruñara bisita egingo dute gaur iluntzean. Gereziondoko ekitaldi nagusia larunbatera aldatuko dute aurten.
Kuxkuxtuko kideak iazko Iparra Hegoan. Lide Egizala Herribestak bizi behar du! lelopean ospatuko da aurten Iparra Hegoaren 29. edizioa. Martxoaren 9tik 15era antolatu dute aste nagusia, baina hasita daude giroa berotzeko ekintzak mugako bi aldeetan. Urrutira joan gabe, gaur iluntzean Urruñan (Lapurdi) dute hitzordua segurarrek, Ekilore taldeak Xaia ostatuan eskainiko duen kontzertuan parte hartzeko.
Iparra Hegoako Idoia Lopetegik esan duenez, aurtengo gaiaren aukeraketa hausnarketa baten ondorioa da. «Iparra Hegoan oso giro berezia sortzen da, ezberdina. Konturatuta geunden helduek ez ezik, gazteagoek ere asko baloratzen duten giro bat dela; gero urtean zehar, beste lekuetan topatzea kosta egiten dena», esan du. Makrojaialdiak modan dauden garai honetan txikitik egiten diren horiei azpimarra egingo diote aurtengo Iparra Hegoan: «Herri festek egiten dute herria, herritarrek egiten dituztelako. Iparra Hegoaren oinarrian beti egon da auzolana eta hori indartzen jarraitu nahi dugu. Balioak edo transmisioa bezalako ideiak ere badaude auzolanaren atzean», dio.
Egitarauak urteroko eredua mantenduko du, baina agenda politikoak eraginda aldaketa batzuk izango dira; izan ere, martxoaren 15ean eta 22an herri eta elkargoetako hauteskundeak ospatuko dituzte Ipar Euskal Herrian. Ondorioz, igandean egin ohi diren ekintza nagusiak larunbatera aldatuko dituzte, Gereziondoko ekitaldi nagusia edo herri bazkaria kasu.
Aldaketak egitarauan
Astelehenean, ohi bezala, Urruñako ikastolako haurrak joango dira Segurara, 30 bat lagun guztira. Herri festen inguruko hitzaldiak ere izango dira astelehenean eta astelehenean, Musika eta animazioa, txosnak eta tabernak eta Jaialdien garaian izenburupean. Gonbidatu ezberdinak izango dira, bakoitzak bere esperientziatik hitz egingo duelarik. Asteazkenean egin ohi den sukaldaritza saiorik ez da izango aurten. Horren ordez, herriko gazte kuadrilla ezberdinak jarriko dituzte herri festen inguruan hizketan, Jon Telleriaren gidaritzapean.
Ostegunean, 400 bat pertsona bilduko dituen bertso-kantu poteoa eta afaria izango dira plazako karpan. Kuxkutu txarangak jarriko du musika eta Nerea Elustondo, Eneko Araiztegi eta Amets Arzallus ariko dira bertsotan. Ostiralean, Baionako (Lapurdi) Etxepare institutuko 110 bat gazte iritsiko dira Segurara eta larunbata izango da aurten ekintza garrantzitsu asko kontzentratuko dituen eguna. Gazte bazkarian eta herri bazkarian 600dik gora lagun bilduko dira eta Gereziondko ekitaldi nagusia ere egun horretan izango da. Igandean, auzolanean Iparra Hegoak utzi duena jasotzeko eguna izango da.
Ikusi egitaraua osorik hemen.













