Reggae doinuz Legorreta astintzen
Ohiko formatuan egingo dute bihar XI. Legoreggae; kalejira izango da arratsaldean herrigunean eta kontzertuak iluntze-gauean Harripilan.
Legoreggaeko iazko kontzertu batean irudia. Hitza Edizio berri batekin itzuliko da aurten XI. Legoreggae jaialdia, eta beste behin ere reggaearen hiriburu bihurtuko da larunbatean Legorreta. Lagun talde batek bultzatutako ekimenak urteak daramatza martxan, eta antolatzaileek diotenez, helburu nagusiak bera izaten jarraitzen du: kalitatezko jaialdia eskaintzea eta reggae musikak euskal eszenan duen presentzia indartzea.
Herri mugimendutik sortutako egitasmoa da, eta urteekin erreferentziazko hitzordu bilakatu da reggae zaleentzat. Legorretako bizilagunez gain, izaten da Euskal Herri osotik eta Espainiar estatuko beste zenbait tokietatik gerturatzen denik; ikusgarritasun eta esklusibotasun horrek Legorreta mapan kokatzeko balio diela ziurtatu dute antolatzaileek. Urtez urteko antolakuntza prozesuak ere «ikaskuntza ugari» ekarri dizkiela gaineratu dute; edizio berri bakoitzak uzten dituen irakaspenak baliatzen dituzte hurrengo urteetarako aldaketak egin edo mantentzeko erabakiak hartzeko.
Iazko formatu bera
Aurtengo edizioari begira, jaialdiaren egiturak aurrekoetan finkatutakoari eutsiko dio. 18:00etan hasiko da egitaraua, kalejira batekin; Marabiyak Sound talde iruindarra arduratuko da giroa berotzeaz. Antolatzaileen hitzetan, «eguneko unerik berezienetako bat» izaten da: kale giroa, poteoa eta doinu ezin hobeez baliatuta, Legorreta belaunaldien arteko topaleku bihurtzen delako.
Aurtengo kartela osatzerakoan, reggae musikaren barruko «estilo aniztasuna» erakustea izan dute helburu, esperientzia handiko artistak eta proposamen berriak uztartuta. Oholtza gainera igoko diren taldeen artean dago Amazonians, Valentziatik etorriko den emakumez osatutako banda. Bisaiak taldea ere arituko da; musikari gazte iruindarrek euskarazko reggae proposamena eramango dute Legorretara.
Bakarlari gisa, berriz, Matah arituko da. Bartzelonatik datorren artista da, eta antolatzaileen arabera Espainiar estatuko reggae eszenako «erreferenteetako bat» da. Harekin batera arituko da Chalart 58, musikari, ekoizle eta dj ezaguna. Gaueko kartela ixteko, Soom T abeslaria igoko da oholtzara. Glasgowetik datorren artistak Europan zehar eskaintzen ditu kontzertuak, eta reggaeaz gain, bestelako estiloak ere lantzen ditu. 22:00etan hasiko dira kontzertuak, kiroldegian.
Oztopoak eta trabak
Legorreta herri txikia izan arren, «jarduera kultural bizia» duela azpimarratu dute antolatzaileek. Baina «geroz eta zailagoa» da tamaina horretako kultur ekitaldiak antolatzea. Diotenez, azken urteetan baldintza burokratikoak «ugaritu» egin dira, eta horrek «konplexuago» bihurtu du horrelako ekimenak aurrera ateratzea. Eskakizun administratiboek «lan karga handiagoa» ekartzeaz gain, «gastu ekonomiko handiagoa» ere eragiten dutela diote. Hala ere, Legorretako Udalaren laguntza garrantzitsua izan dela azpimarratu dute; jarrera «lagungarria eta mesedegarria» izan dela diote.
Sarrerak eskuragai
Sarreren salmenta «erritmo onean» doa, nahiz eta antolatzaileek onartu duten «nahi baino motelagoa» dela. Azken urteetan joera argi bat antzeman dutela diote: publikoak gero eta gehiago itxaroten du azken egunetara arte sarrera erosteko. Pandemiaren ondoren nabaritu dute aldaketa hori. Hala ere, azken egunetan salmentek gora egingo dutela espero dute.
Sarrerak Internetez erosteaz gain, Legorretako tabernetan, Ordiziako Kirkilen eta Beasainen Koiote Zaharrean daude salgai, 18 euroan.
Antolatzaileek, azkenik, azpimarratu dute Legoreggae «gozamenerako eta elkarbizitzarako espazio» izan dadin nahi dutela, eta beraz, ez dutela «inolako erasorik onartuko». Martxoaren 8ari begirako ekintzaren bat ere egingo dute.














