«Saiatuko naiz finantza arriskuak modu matematikoan azaltzen»
'Made in Goierri' zikloko bigarren hitzaldian, finantza arriskuez ariko da gaur Ane Alvarez Ugalde ordiziarra, 19:00etan Igartzako jauregian.
Ane Alvarez Ugalde, Ordizian.Laida Goiburu Ane Alvarez Ugaldek (Ordizia, 1998) Finantza eta emozioen artean: zergatik huts egiten dugu finantza erabakietan hitzaldia eskainiko du gaur. Matematika gradua aurrena, Ekonomia gradua ondoren, eta Finantza eta Banka Kuantitatiboen Masterra egin zuen gero. Bi urtez Repsol Trading-en Madrilen (Espainia) lan egin zuen, eta egun Laboral Kutxan egiten du lan, Arrasaten, finantza arriskuak baloratzen.
Zer dira finantza arriskuak?
Bankuetan, edo beste edozein enpresatan, dirua kudeatzen dute eta hori errentagarri izatea nahi dute. Dirua bankuan uzten duzunean, edo fondo bat hartzen baduzu, diru hori ez da bat-batean sortzen; erabiltzaileen dirua kudeatzen da eta finantza produktu ezberdinak kontratatzen dira. Haiek erabakitzen dute non inbertitu diru hori, ze produktutan. Baina badago talde bat erakunde horietan independentea dena, eta belarritik tira egiten diena. Diru gehiago irabazteko aukera gehiago edukitzeak normalean esan nahi du arrisku gehiago dagoela; guk, finantza arriskuak baloratzen dituen organismo horrek, esaten diogu erakundeari nola inbertitu, zergatik edo zergatik ez, zerekin… Ze produktutan inbertitu nahi den aztertzen dugu eta batzuetan atzerapausoak eman behar dituzte. Galtzen eta irabazten den diru hori kontrolatzen dugu.
Mugak jartzen egiten duzue lan.
Merkatuko prezioak egunero aldatzen dira. Guk kalkulatzen dugu egoera oso txar batean galtzeko ze aukera dagoen, eta horren arabera mugatzen diegu ze erosi dezaketen eta zer ez.
Ze erlazio dute emozioek eta finantzek?
Finantza pertsonalen gaia ez da zientzia arrazionala, subjektibotasunez beteriko alorra da. Esaterako, balore-burtsetan preziatuak dauden enpresek adibide ona eskaintzen digute. Enpresa jakin baten inguruko berri onak jasotzeak, norberak barnean duen gutizia piz dezake eta horrek erosketa oldartsu bat egitera eraman gaitzake. Aldiz, aurrez erosiriko enpresa horren baloreen aurkako albistea entzuteak, izuzko salmenta bat bultza dezake. Gutiziazko edota izuzko bi egoera horiek inbestimendua izorra dezakete, ez baitira arrazoiak gidaturiko salerosketak.
«Finantza pertsonalen gaia ez da zientzia arrazionala, subjektibotasunez beteriko alorra da»
Zertan egiten da akatsa?
Zer da hobea, egunero euro bat aurreztea edo hil bukaeran 30? Inbertitzen baduzu, egunetik egunera errentagarritasuna handitzen joan daiteke. Gure buruak askotan kalte egiten digu, uste dugulako era batera joango dela, baina azkenean zenbakiek erakusten dute ez dela beti guk uste bezala gertatzen.
Itsuka joatea da?
Dirudiena baino zehatzagoa da. Modeloak daude. Estimazioak dira, eta nahiz eta merkatua egunero aldatzen den, datu horiez fidatu behar zara.
Nola ikasten da finantza erabaki onak hartzen?
Finantzetan ez dago ondo edo gaizki. Zuk ikusi behar duzu zure mentalitatearen arabera eta zure helburuen arabera, egunerokotasunaren arabera, nola bizi nahi duzunaren arabera… Oso aldakorra da, norberaren egoera pertsonalaren arabera.
Finantza planifikazio pertsonalerako, nondik hastea gomendatuko zenuke?
Oso pertsonala da. Hemen ez dago gomendiorik. Zuk ematen badiozu momentuari garrantzia, agian ez da horren garrantzitsua zuretzat planifikazio hori egitea. Beste pertsona batek agian beldurra dio pentsioa ez edukitzeari. Orduan interesgarria da pentsio plan bat egitea.
Zer azalduko duzu hitzaldian?
Inbertsio baten azken zenbatekoa zenbat izango den, eguneroko erabaki errealen inguruan ere ariko naiz, adibidez hipoteka finkoa ala aldakorra, finantza produktuez… Saiatuko naiz finantza arriskuak modu matematikoan azaltzen.













