Ibilbide feminista osatu dute Zaldibian
Euriak ez ditu aldarri feministak gelditu. Ttipi-Ttapa morea seigarren urtez egin dute, martxoaren 8ko mobilizazioetara batzeko deiarekin batera.
Ttipi-Ttapa morerako beroketan Zaldibiako feministak.Manex Usarralde Garmendia Zaldibiako Aske talde feministak antolatuta Ttipi-Ttapa morea egin dute gaur, seigarren aldiz. Goizean, 10:30ean, zen hitzordua. 50 emakume inguru elkartu dira, eta zumba saio batekin beroketa egin ondoren, taldeka banatuta –batzuk oinez, besteak korrika–, herrian barrena egokitutako ibilbide feminista osatu dute.
Ekitaldia 13:00etan izan da. Zaldibiako Aske talde feministak Martxoaren 8ko “aldarrikapenak” gogoratu ditu: “Kalera aterako gara emakume langileok bizi ditugun soldata arrakalak, lan feminizatuetan harrapatuta egotea eta jasaten dugun indarkeria matxista salatzera”. Gainera, estamentu publikoetatik areagotzen ari diren mezu faxistak eta munduan gertatzen ari diren gerrak gaitzetsi dituzte. Ekitaldiaren ondoren bazkaria izan dute Gaztelu elkartean, 14:30ean.
Martxoaren 8ko mobilizazioak
Eskualdeko mobilizazio nagusia Ordizian izango da, bihar, 12:30ean. Horra batzeko deia egin du Zaldibiako Aske talde feministak. Horretaz gain, Beasainen Gazte Feministen eskutik egingo den manifestazioa ere gogorarazi dute. Erauskin plazatik abiatuta, 00:00etan, martxoaren 8an sartzearekin batera.













