'Beste begirada bat' ezagutzeko aukera asteartean, Gizarte Zentroan
Begisare eta Nagusilan elkarteek udalarekin batera antolatuta, ikusmen arazoei buruz sentsibilizatzea du helburu. 18:15ean izango da saioa, herritar guztiei zuzenduta.
Beste begirada bat izeneko sentsibilizazio saioa eskainiko dute bihar asteartea Legazpiko Gizarte Zentroan. Retina Euskadi Begisare eta Nagusilan elkarteek udalaren laguntzarekin antolatuta, erretinaren ikusmen baxuari eta herentziazko distrofiei buruzko sentsibilizazio jarduera da.
Hitzordua 18:15ean izango da, Gizarte Zentroan, eta herritar guztiei zuzenduta dago, bereziki adinekoei, senideei, eta ikusmen txikia duten pertsonen errealitatea gertutik ezagutu nahi dutenei.
Saioan zehar patologia horiei buruzko informazioa emango dute, testigantzak partekatuko dituzte lehen pertsonan, eta eskuragarri dauden baliabideak eta laguntzak aurkeztuko dituzte, arazo horiek dituzten pertsonen autonomia eta parte hartze soziala hobetzeko. Errealitate birtualeko betaurrekoak probatzeko aukera ere izango da, kaltetutako pertsonen egoera hobeto ulertzeko.













