Ehun zuhaitz gehiago daude Brinkolako Antzumaritz parajean
Legazpiko Udalak antolatuta, bertan ospatu zuten legazpiarrek urteroko Zuhaitz Eguna. Landaketa larunbat arratsaldean egin zuten.
Larunbatean euriak atseden hartu zuen arratsaldeko tartea baliatuta, eta Legazpiko Udalak egindako deialdiari erantzunez, hogeitik gora herritar elkartu ziren Brinkolako Antzumaritz izeneko parajean urteroko Zuhaitz Eguna ospatzeko.
Trenez iritsi ziren Brinkolara Legazpitik, eta 45 minutu inguruko ibilaldi lasaia egin ondoren, Antzumaritz ingurura iritsi ziren. Bertan zituzten zain Naturzaindia elkarteko teknikaria eta udal langilea, aitzurrak eta zuhaitz landareak banatzeko eta beharrezko azalpenak eta laguntza emateko.
Udalaren lursail batean egin zuten landaketa, egoera txarrean dauden larizio pinuz beteriko basoan. Ehun zuhaitz landatu zituzten bertan: ametzak, haritzak, urkiak eta astigarrak. Gurbitz bat ere landatu zuten, paraje hauetan oso ohikoa ez den zuhaitza bada ere. Eguzki asko behar duela azaldu zuen Naturzaindiako teknikariak, eta leku aproposa eman zioten horregatik.
Zuhaitz landaketa amaitutakoan, mokadutxo bat jan zuten partaideek indarrak berritzeko.













