Aste Santuko prozesioa martxoaren 29an egingo dute Legazpin
Aurten brodatutako logoa estreinatuko dute kofradiakideek jantzietan. Errifarako txartelak salgai daude dagoeneko.
Legazpiko Aste Santuko prozesioa martxoaren 29an egingo da aurten, igandearekin. Prozesioaren aro berriko zortzigarren edizioa izango da, eta Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatuta, 19:00etan aterako da parrokia elizatik, erdiguneko kaleetan zehar desfilea egiteko.
Garai bateko prozesioetan ateratzen ziren figura guztiak berreskuratu eta zaharberritu eta gero, guztiak aterako dira aurten, eta berrikuntza bat ere izango da, kofradiakideek tuniketan eta txanoetan brodatutako logoa eramango dutelako.
Bestalde, salgai daude dagoeneko prozesioa laguntzeko urtero egiten den errifarako txartelak. Ciudad Realeko (Espainia) Montes Norte kooperatibako olio lote bat zozkatuko dute, eta txartelak salgai daude parrokiko sakristian, Arantzazu auzko Vega botikan, Kale Nagusiko Urtzelai oinetako dendan eta Korosti aholkularitzan eta Patrizio Etxeberriako Monto pintura dendan. Kofradiako kideek ere badituzte txartelak. Hilaren 29an egingo dute zozketa.














