Eider Mendoza diputatu nagusiaren bisita Ingeteamen
Foru Aldundiak nabarmendu du Beasaingo Ingeteam enpresak berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren alde egindako apustua "gakoa dela industria-lehiakortasuna indartzeko".
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Unai Andueza Sustapen Ekonomikoko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua Beasaingo Ingeteam enpresan izan dira gaur goizean. Ingeteameko Garapen Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako zuzendari Alex Belaustegirekin eta Ingeteameko Eragiketen zuzendari eta Beasaingo lantegiko zuzendari Peio Pagolarekin elkartu dira.
Prentsa oharrean jakinarazi dutenez, gaurko bisitak jarraipena ematen dio Madrilen WindEurope azokan egindako bilerari eta Aldundiak lurraldeko enpresa estrategikoekin beren proiektuak ezagutzeko eta industriaren erronka nagusiak partekatzeko egiten dituen topaketen agendan kokatzen da.
Erreferentziazkoa
Ingeteam lurraldeko “erreferentziazko industria-enpresetako bat dela” nabarmendu dute foru ordezkariek, “ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duelako, eta 85 urte baino gehiagoko historia duela”. Eman dituzten arabera, konpainiak fakturazioaren % 5 baino gehiago bideratzen du I+G jardueretara, eta plantillaren % 11 inguru zeregin horietan aritzen da, nazioarteko merkatuetan lehiatzeko aukera ematen dion teknologiaren garapena bultzatuz.
Era berean, azpimarratu dute “ezagutza hori balio erantsi handiko soluzio teknologikoetara eramateko gaitasuna izan duela, energia berriztagarriak, energia-biltegiratzea, sare elektrikoak, mugikortasun elektrikoa, hidrogeno berdea, industria, trenbideko garraioa, ontzigintza, meatzaritza edo uraren kudeaketa bezalako sektoreetan. Dibertsifikazio horri esker, sendotasun handiagoz egokitzen da merkatuen bilakaerara, eta trantsizio energetikotik eta ekonomiaren elektrifikaziotik eratorritako aukerak aprobetxatzen ditu”.
Industria ereduaren adibidea
Guzti horregatik, gaurko bisitan Eider Mendoza diputatu nagusiak azpimarratu du, “Gipuzkoan bultzatzen jarraitu nahi dugun industria ereduaren adibide argia da Ingeteam. Ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustu jarraituak erakusten du posible dela ezagutza sortzea, teknologia propioa garatzea eta nazioarteko merkatuetan arrakastaz lehiatzea gure lurraldetik”.
Gaineratu duenez, “munduko ekonomiak gaur egun bizi duen ziurgabetasunaren ondorioz, are baliotsuagoa da produktuak, merkatuak eta gaitasun teknologikoak dibertsifikatzeko gai diren enpresak izatea. Egokitzeko gaitasun horrek, enpresa bera indartzeaz gain, Gipuzkoako ekonomia-sare osoa indartzen du”.
Bestalde, Alex Belaustegi Ingeteameko Garapen Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako zuzendariaren esanetan, “guztiz bat gatoz, berrikuntza, garapen teknologikoa eta norberaren ezagutzaren aldeko apustua funtsezkoak dira Gipuzkoan industria lehiakorra eta jasangarria indartzeko. Ingeteamen hamarkadak daramatzagu teknologia garatzen eta I+Gren aldeko apustua egiten hazkundearen eta lehiakortasunaren eragile gisa, gure errotze industriala nazioarteko bokazio argiarekin konbinatuta. Gainera, uste dugu enpresen, erakundeen eta industria-ekosistemaren arteko lankidetza funtsezkoa dela kalitatezko enplegua sustatzeko eta trantsizio energetiko eta teknologikoaren erronkei arrakastaz aurre egiteko. Ziurgabetasunak eta etengabeko eraldaketak markatutako testuinguru global honetan, Gipuzkoatik ere lanean jarraituko dugu lurraldearen garapen industrial eta teknologikoari laguntzeko, industria eraginkorrago, berritzaileago eta jasangarriago batekin dugun konpromisoari eutsiz”.
Gaurko bisitarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du “lurraldeko industria-eraldaketaren buru diren enpresei laguntzeko eta berrikuntzan, talentuan eta balio erantsia sortzean oinarritutako eredu ekonomiko bat bultzatzeko konpromisoa”.

800 profesional
Ingeteam enpresak Beasainen dituen instalazioetan gaur egun 800 profesional baino gehiago aritzen dira lanean. Nazioartean ere presentzia nabarmena du Ingeteamek, “4.100 profesional baino gehiago eta 15 herrialdetan nazioarteko presentzia izanik, Ingeteam erreferente nagusi da nazioarteko industria berritzailean, eta oso errotuta dago Gipuzkoan eta EAEko gainerako lurraldeetan”.
Gaurko bileran, ordezkari instituzionalek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte konpainiak elektrifikazioaren, digitalizazioaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren erronkei erantzuteko bultzatzen dituen garapen teknologikoetako batzuk. Kokaleku hori makina elektriko birakariak, sorgailuak, motorrak eta urpeko ponpak diseinatzen eta fabrikatzen espezializatuta dago, Indar markarekin, eta sektore estrategikoetarako, hala nola energia hidroelektrikorako, uraren kudeaketarako, ontzigintza-sektorerako, sorkuntza malgurako, energia eolikorako eta sare elektriko adimendunetarako.












