Ordiziako Bizikidetzarako Mahai Politikoak biktima guztien aitortzaren aldeko konpromisoa berretsi du
Santa Ana jaien atarian egindako ekitaldi instituzionalean, lau udal taldeek iragan hurbilean izandako sufrimendu guztiak aitortzeko eta memoria partekatua eraikitzeko borondatea azaldu dute.
Udal taldeetako ordezkariak, asteazkeneko agerraldian.Izaro Villarreal Ordiziako Udaleko Bizikidetzarako Mahai Politikoak biktima guztien aitortzaren eta elkarbizitzaren aldeko ekitaldi instituzionala egin zuen asteazken arratsaldean, Santa Ana jaien atarian, eta iragan hurbilean izandako sufrimendu guztiak aitortzeko eta memoria partekatua eraikitzeko konpromisoa berretsi zuen. Lau udal taldeek osatzen dute Mahai Politikoa, eta horietako bakoitzeko bina ordezkari izan ziren agerraldian.
«Biktima guztiak aitortu nahi ditugu, biktima bakar bat ere atzean utzi gabe, biktimak eta baita aitortuak izan ez diren haien familiak ere»
Alberto Alonso Gogora, Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Ion Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta kultura demokratikoko zuzendaria ere bertan izan ziren. Baita Donostiako Kresala dantza taldeko kideak ere. Haiek Angel Illarramendi konpositoreak sortu eta Amaia Zubiriak abestutako ‘Zure barnean’ musika-konposizioa interpretatu zuten; pieza hori 2000. urteko Yoyes filmaren soinu-banda nagusia da.
Biktimen aitortza
Ekitaldian irakurritako komunikatuan azaldu zutenez, mahaiak ia bi legealdi daramatza «modu diskretuan» lanean, «foku publikotik urrun», halako prozesuek «denbora, elkar entzutea eta konfiantza» behar dutela sinetsita. Prozesuak «zailtasunak» izan dituela azaldu zuten, iragan hurbilaz hitz egiteak «sentiberatasuna, zintzotasuna eta sarritan entzuteko zaila den hori entzuteko borondatea» eskatzen baititu. «Desberdin pentsatzen dugunean ere, elkar entzuteko borondate horretan datza prozesu honen benetako balioa”», adierazi zuten.
«Ez dugu kontakizun bakarra eraiki nahi; desadostasunak errespetatuz ere, sufrimendu guztia aitortzeko gai izan behar dugu»
Mahai Politikoa orain bi hilabete egin zuten publiko, eta orduan hasitako bideari jarraipena eman nahi izan diote ekitaldi honekin. Hala, hemendik aurrerako lana gidatuko duen konpromisoa berretsi zuten: «Biktima guztiak aitortu nahi ditugu, biktima bakar bat ere atzean utzi gabe, biktimak eta baita aitortuak izan ez diren haien familiak ere». Aldi berean, jakitun dira erakunde batek ezin duela indarkeriak eragindako mina konpondu, baina bai jasandako sufrimendua publikoki aitortu: «Eta hala egin behar dugu, biktima guztien oroimena duindu eta garbi adierazteko, haien oinazeak komunitate osoari eragiten digula».
Ikerketa-lana abian
Ekitaldian iragarri zuten, halaber, Bizikidetzarako Mahai Politikoa Baketik Fundazioarekin elkarlanean ari dela Ordiziako «sufrimenduaren mapa» osatzeko ikerketa-lan batean. Lan hori Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak garatutako metodologian oinarrituta egiten ari dira, eta helburua da herriaren historia hurbilean izandako giza eskubideen urraketa, bestelako indarkeriazko gertakari eta sufrimendu guztiak ahalik eta modu zehatz eta zorrotzenaz argitzea, ondoren biktima guztiak aitortzeko bidea zabaltzeko. «Lan honek biktima guztien aitortzarako bidea zabalduko digu, herritarrei irekitako aitortza ekitaldi publiko batekin gauzatuko dena», adierazi zuten.
«Sufritu duten pertsona guztiei, haien senideei eta etorkizuna bakean eraikitzeko eskubidea duten belaunaldi berriei zor diegu»
Jakin badakite lan horrek «denbora, elkar entzutea eta adostasunak bilatzea» eskatuko dituela, baina garbi dute «gertatutakoa zintzoki ezagututa soilik» eraiki ahal izango dutela memoria partekatua. «Ez dugu kontakizun bakarra eraiki nahi; desadostasunak errespetatuz ere, sufrimendu guztia aitortzeko gai izan behar dugu», nabarmendu zuten. Izan ere, mahaiaren ustetan, elkarbizitza ez da aho batekotasunetik sortzen, baizik eta «elkarrekiko errespetutik, giza eskubideen errespetutik eta iritzien aniztasunarekiko errespetutik».
Elkarbizitza praktikatzera
Zentzu horretan, Ordizia bere iragan hurbila ezagutuko duen, biktima guztiak berdintasunean, errespetuan eta enpatian lagunduko dituen eta inork bere ideiengatik edo nortasunagatik indarkeriarik berriz jasango ez duela bermatuko duen herria izatea nahi dute.
Hain zuzen, Santa Ana jaien atarian ere, herritarrei ekitaldian aldarrikatutako elkarbizitza-printzipioak partekatzera eta praktikara eramatera dei egin zieten. «Sufritu duten pertsona guztiei, haien senideei eta etorkizuna bakean eraikitzeko eskubidea duten belaunaldi berriei zor diegu», ondorioztatu zuten.












