Urrupek gaur aurkeztuko du 'A ze festa!' antzezlana
Ordiziako Herri Antzokian izango da emanaldia, 20:30ean.
Urrup antzerki taldearen 'A ze festa!' antzezlaneko taldea.Urrup Santa Ana jaiei begira azken urteetan egin ohi duen bezala, aurten ere antzezlan bat aurkeztuko du Ordiziako Urrup antzerki taldeak. A ze festa! du izena gaur aurkeztuko duten antzezlanak. Emanaldia Ordiziako Herri Antzokian, 20:30ean. Sarrerak leihatilan bertan edo Interneten Kutxabanken bidez eros daitezke.
Urrupeko taldekide den Inaxio Lakuntzak idatzi eta Rosa Rojo zuzendariak zuzendutako komedia da. Jai Batzordearen gainean ondu dute istorioa, herriko jaietako egitaraua ontzea «lan erraza» izango zelakoan, baina «bestelako errealitate batekin» egiten dute topo: interes anitzak eta ustelak, modernitatea eta tradizioa, kontraesanak… bilera horren testuinguruan, hainbat gai jorratu dituzte: ohitura zaharrak eta berriak, animaliekiko jarrera, sexu-aniztasuna, artearen kontzeptuak, haurrekiko jarrera, zaintza lanak, korrupzioa, zerbitzu publikoen izaera…
Hala, Gorka Lariz, Marisol Cavero, Ana Martinez, Jose Luis Elortza, Martin Etxebarria, Inaxio Lakuntza, Nekane Aramendi eta Itsaso Ortega igoko dira oholtzara; Julen Iraolak egingo ditu teknikari lanak; eta Eukene Lekuona diseinatzaileak egin du kartela, oraingoan ere.
30 urte antzezten
Urrupek 30 urte baino gehiago daramatza antzerkia lantzen Rojoren zuzendaritzapean. Partaide guztiak antzerkizale goierritarrak dira gehienak eta Ordizian dute egoitza nagusia. Denbora honetan guztian, antzezlan ugari egin dituzte, euskaraz nahiz gaztelaniaz.. Taldekideak «pozik» daude egindakoarekin, eta herritar guztiei bertaratzeko deia egin die.












