Beasaingo emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko beka onartu du udalbatzak
Plazape tabernaren kontratazio publikoa abian jartzea eta Venezuelako herriari elkartasuna adierazteko mozioa ere onartu dira osoko bilkuran. Itziar Arostegi idazkariaren azkena izan da.
Uztailaren 23ko osoko bilkurako irudia.Beasaingo Udala Beasaingo udalbatzak Beasaingo emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko beka jarriko du martxan. Uztailaren 23ko osoko bilkuran onartu du udalbatzak ikerketa beka hori sortzea, udalaren esanetan “herriko gizarte ondarea aberasteko helburuz”. EAJk, EH Bilduk eta Podemosek alde bozkatu dute, eta PSE-EE abstenitu egin da.
Orain arte ezkutuan egon den herriko historiaren zati bat ezagutzera ematea izango da bekaren helburua, emakumeek Beasaingo lan, gizarte, ekonomia eta kultura arloetan egindako ekarpenari dagokion balioa ematea eta emakume horiei zor zaien aitortza publikoa ematea.
8.000 euroko laguntza eskainiko du bekak, eta horrekin sortutako ikerketa lanak herritarren eskura jarriko dituzte bideo, liburu edo erakusketa formatuan. Deialdian parte hartzeko eskaerak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Plataformaren izenean
Beste hainbat gai jorratu ditu udalbatzak osoko bilkuran. Udalbatzak babesa eman dio aho batez Venezuelako herriari elkartasuna adierazteko EAJk aurkeztutako mozioari, ekainaren 24ko lurrikaren ostean berreraikitze lanak eta laguntza humanitarioa bultzatzeko. Venezolanos en Euskadi plataformaren izenean aurkeztutako mozioa da, eta elkarteko kideek irakurri dute batzar aretoan testua. Udalak herritarrei dei egin die laguntza humanitarioa bideratzen ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeekin elkarlanean aritzeko, eta Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu die larrialdiko aurrekontu partidak eta berreraikitze lanetarako baliabideak indartu ditzatela.
Logistika aurreratuaren sarea
Aho batez onartu du udalbatzak Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko urteko bazkide kuotaren eguneraketa ere. Partaidetza horrek, udalak azaldutakoaren arabera, “Beasain mugikortasun jasangarriaren eta logistika aurreratuaren sare nagusietan kokatu eta inguruko industria zein garraio arloko berrikuntzekin lotura zuzena mantentzea” ahalbidetzen du. Eguneraketak urteko kuota KPIaren eta dagozkion zergen arabera doitzea dakar.
Prozedura, 2 urterako
Plazape tabernaren ustiapena izan da jorratutako beste gai bat. Taberna zein alboko komun eta dutxa publikoei, plaza azpiaren eta azokaren dinamizazioari lotutako kontratazio publikoa abian jartzea onartu da aho batez. Aurreko kontratua amaitzear dago, eta 2 urterako (gehi urtebeteko hiru luzapen aukerarekin) prozedura irekiko dute. Baldintzetan lokalaren eta zerbitzuen egoera higieniko-sanitarioari eta kulturaren eta azokaren dinamizazioari pisu handia emango diote. Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 1a izango da.
Horiez gain, 2028ko udal egutegia osatzeko Artea kalean, kaleko artea gaia izango duen argazki lehiaketaren oinarriak onartu dira –argazkiak aurkezteko epea 2027ko irailaren 30ean amaituko da–, nerabeentzako Gazteleku zerbitzuaren kudeaketa kontratatzeko datozen urteetako konpromisozko kredituak egokitu dira eta Udaltzaingoaren araudia ofizioz aldatzea eta behin betiko onespena ematea onartu da.
Agur 37 urteko bideari
Itziar Arostegi Apaolaza udaleko idazkariak 37 urteko ibilbideari agur esan dio. Azken osoko bilkura izan da berarentzat. Bilkuraren amaieran, udalbatzako alderdi guztiek aho batez haren dedikazioa eta lan-ibilbide luzea goratu eta eskertzeko aukera baliatu dute, eta Arostegik esker onez betetako aro bati merezitako agurra eman dio.

Itziar Arostegi Apaolaza uztailaren 23ko osoko bilkuran. idazkari gisa egin duen azkenekoa da.Beasaingo Udala












