Ordiziako 103. Klasikoa bihar jokatuko da, hiru goierritarrekin eta hemeretzi talderekin
Xabier Berasategi olaberritarra, Nicolas Alustiza zumarragarra eta Alex Diaz urretxuarra ariko dira. Bihar, 10:00etan hasiko da Gudarien Etorbidetik.
UAE taldea Beasaingo Dolarea hotelean ari da ostatu hartzen. Manex Usarralde Ordiziako Klasikoaren 103. aldia jokatuko da larunbatean. Lasterketa garrantzitsua da Euskal Herriko txirrindularitzarentzat. Izan ere, mende bat baino gehiago daramatza Txapel Gorri elkarteak ekimen hori antolatzen. Taldeen aurkezpenak 08:45ean izango dira, hemeretzi denera. 132 txirrindulariko tropela Gudarien Etorbidetik 10:00etan abiatu eta 13:40 aldera iritsiko da, 167 kilometro osatuta.
103. aldiko ibilbidea aurreko urtekoaren berbera izango da. 5 itzuli berdin egingo dituzte Abaltzisketako igoera tradizionalarekin, eta iaz bezala, Larraizko jaitsieraren erdian, Zaldibiarako bidean eskuinetara hartuko dute Gaintzara bidean txirrindulariek.
Joxean Etxezortu Txapel Gorriko kideak eta ekimenaren zuzendariak aurreko asteko aurkezpenean adierazi zuen Gaintzako jaitsiera «teknikoa bezain azkarra» dela. Aurkezpenean Adur Ezenarro Ordiziako alkateak lasterketak Ordiziako zaleei esker, «nortasunari» eusten diola berretsi zuen: «Nazioarteko egutegian erreferente da».
132tik 3 goierritar
Euskal Herrian eta Ordizian oso errotuta dagoen txirrindulari proba da, mende bat baino gehiago daramatzalako zaletasuna sustatzen. Horregatik, bertako txirrindularientzako lasterketa garrantzitsua izaten da. Aurten Goierriko txirrindularien ordezkari hiru izango dira: Xabier Berasategi olaberritarrak zein Nicolas Alustiza zumarragarrak Euskaltel-Euskadi taldearekin, eta Alex Diaz urretxuarrak Rural Kutxatik.
Etxezortuk World Tour mailako taldeen txirrindularietatik hurrenak aipatu ditu: UAE taldetik Igor Arrieta (aurreko urteko irabazlea), Jhonatan Narbaez eta Antonio Morgad; Jayco Alulatik Alessandro Covi eta Anders Foldager; Movistarrekin Jon Barrenetxea; eta Astanarekin, azkenik, Diego Ulissi eta Guillermo Silva.
ProTeam taldeen artean goierritarrez gain hauek ere azpimarratu ditu Txapel Gorriko kideak: Rural Kutxatik Fernando Barcelo eta Gorka Sorarrain; Burgos BH-tik Jesus Herrada; eta Euskaltel-Euskadirekin Jonathan Lastra.
Emisioan berrikuntzak
EITBn eta ETB On plataforman zuzenean ikusteko aukera egongo dela aurreratu du Etxezortuk, eta berrikuntza bezala, aurtengoan ere beste hiru plataforma gehiagotan izango direla gaineratu du: FloSports (Estatu Batuak), TV Kanal1 (Eslovakia) eta Proximus (Belgika).
103. ORDIZIAKO KLASIKOA
TALDEAK
- WorldTeams. UAE Team Emirates (Arabiar Emirerri Batuak), Movistar (Euskal Herria), Team Jayco Alula (Australia) eta XDS Astana Team (Kazakhstan).
- ProTeams. Burgos-Burpellet-BH (Espainia), Caja Rural-Seguros RGA (Euskal Herria), Kern Pharma (Euskal Herria eta Herrialde Katalanak), Euskaltel-Euskadi (Euskal Herria), Modern Adventure Pro Cycling (Estatu Batuak), Team Polti Visitmalta (Italia), Totalenergies (Frantzia), Unibet Rose Rockets (Frantzia).
- Continental Teams. Team Cadence Cyclery (Estatu Batuak), AVC AIX Provence Dole (Frantzia), Efapel Cycling (Portugal), Eurocyclingtrip-CCN (Guam), Feirense-Beeceler (Portugal), Meridian Racing P/B De La Uz (Estatu Batuak) eta Victoria Sports Pro Cycling (Filipinak).
TROPELAREN ORDUTEGIA
- Txirrindularien aurkezpenak. 08:45etik 09:45era.
- Hasiera. Gudarien Etorbidean, 10:00etan.
- Abaltzisketa gainetik bost aldiz igaroko dira. 10:28, 11:13, 11:57, 12:42 eta 13:26ean.
- Amaiera. Gudarien Etorbidean, 13:42ean.














