Legazpiko 2027ko udal egutegia, herritarren txokorik gogokoenekin
Hilaren 20ra arteko epea dute legazpiarrek iritzia emateko, Internetez edo aurrez aurre.
Legazpiko 2026ko udal egutegia. Legazpiko 2027ko udal egutegia osatzeko herritarren laguntza eskatu du udalak. Aurtengo gaia edo erronka, ondorengoa da: 12 hilabete, 12 txoko berezi. Udalaren esanetan, «herri honek bazter berezi ugari ditu: amonen ipuin artean ezagututakoak, ilunabarra ikusteko muino gogokoenak edo eguneroko bidean bakea ematen dizuten baso zein kale bazterrak».
Horretarako herritarren parte hartzea beharrezkoa da. «Nor hobeto leku horiek hautatzeko legazpiarrak baino? Zure iritzia jakin nahi dugu berriro, herriko zein bazterrek duen zuretzat magia edo esanahi berezia argazki bidez datorren urteko egutegian ikusteko».
Parte hartzeko
Udalaren erronkan parte hartu nahi dutenek, bi modu dituzte, irailaren 20ra bitartean. Batetik, Internetez, Legazpi.eus webguneko galdetegia betetzea. Eta bestetik, aurrez aurre: «Galdetegi fisikoak ere eskura izango dituzu udaletxean, HAZ-en».
Behin proposamen guztiak jasotakoan, «herritarren artean errepikatuen eta berezienen moduan agertutako lekuak hautatuko dira egutegia jantziko duten 12 irudi nagusiak izateko».













