Txolka taldeak irabazi du Emaneurre Euskarari eguneko herri kirol lehiaketa
[ARGAZKIAK] Bigarren sailkatua Embiel taldea izan da. Sokatiran, berriz, urrezko kategoria irabazi du Downtown-ek, eta zilarrezkoa Sulika eta Sombuk.
Emaneurre Euskarari eguneko herri kiroletarako elkartu dira ia 200 lagun Joxe Migel Barandiaran plazan gaur goizean. Zortzi pertsonaz osaturiko 24 taldek parte hartu dute lehiaketan. Txolka taldeak irabazi du aurtengoa, eta bigarren Embiel izan da.
Embiel, Txolka, Demabi, Atzegizaleak, Totzi, Downtown, Mokela, Txolkizbi, Bipperatza, Birlik, Kiwoka, KM-29, Sewer, Chata, Pewi, Klepur, Sanber, Sukajubar, Kozen, Pluying, Birrako, Sulika eta Sombu, Jabber eta Mix izan dira parte hartu duten taldeak.
Zazpi proba egin behar izan ditu talde bakoitzak: oskolak jarri eta jaso, txingak (hiru itzuli bi alditan), harria altxatzea (sei altxaldi bi alditan), zakua (lau itzuli bi alditan), trontza (xerra bat lehenengo aldian, bi xerra bigarrenean –neskek bat–), arrauna (mutilek 300 metro eta neskek 200 metro, bi alditan) eta korrika (hiru itzuli, bi alditan). Horrez gain, beste sailkapen batean sartuta, sokatiran neurtu dituzte indarrak taldeek.
Hiru orduko ikuskizuna izan da. 09:40 aldera hasi da lehia, eta 14:40 aldera amaitu. Lehenengo fasean sailkatze probak jokatu dira, hamabi txandatan, bi talderen artean bakoitza. Txanda bakoitzetik bana sailkatu da gero finalera. Sokatiran, hiru taldetako zortzi multzotan jokatu da sailkatze fasea, eta bi kategoria bereizi dituzte, urrezkoa eta zilarrezkoa.
Herri kirolen zirkuitua azkarren osatu duen taldea Txolka izan da, 13 minutu eta segundo batekin. Embiel bigarrenak 15 minutu eta 12 segundo behar izan ditu. Sokatiran, berriz, urrezko kategoria Downtown-ek irabazi du, eta zilarrezkoa Sulika eta Sombuk.
Ondoren, bazkaritara elkartu dira Plaza Nagusian. 500 tiket saldu dituzte bazkarirako.













