'Emaneurre Euskarari' eguneko herri kirol lehian, 24 talde
Herri bazkariko tiketak saldu dira dagoeneko; 500 lagun izango dira. Erramun Amundarainen lantaldea arduratuko da bazkaria prestatzeaz.
Iazko Emaneurre Euskarari eguneko kirol saioko partaide batzuk.Aimar Maiz Iraileko aurreneko asteburuarekin batera, badator Emaneurre Euskarari Eguna; denborarekin Ordizian sendo errotu den ekimena da eta Euskal Jaien aste kuttunari hasiera bikaina ematera dator. Urteroko arrakasta ziurtatuta du aurtengoan ere; kuadrillen arteko herri kirol lehian iaz baino bi talde gutxiago izango diren arren, herri bazkariko txartel guztiak dagoeneko agortu dira.
Jose Migel Barandiaran plaza izango dute goizean zehar topaleku, eta 10:00etan hasiko dituzte jolasak. Zortzi laguneko 24 taldetan banatuta, 192 ordiziar ariko dira nor baino nor. Askotariko neurketak jokatuko dituzte, oskolak jarri-jaso, txingak, harria, zakua, trontza, arrauna eta korrika. Paraleloki, gainera, ohiko moduan, sokatira txapelketa ere jokatuko da. Behin neurketa guztiak jokatuta, 13:40ean, sokatirako finalak izango dira, eta jarraian, herri kirolekoak, 14:00ak aldera.
Kirol jardueren ondoren, 15:00etan, ohiko herri bazkari jendetsua egingo dute Plaza Nagusian. Parte hartzaile guztiak ez ezik, herritarrak ere bilduko dira bertan. Dagoeneko txartel guztiak salduta daude, eta 500 lagun elkartuko direla aurreratu dute antolatzaileek. Oro har, «gustura» daude ekimen honek azken urteetan izan duen bilakaerarekin eta herritarren parte hartzearekin.
Amundarainen faltan
Aurten, ordea, hutsune nabarmena izango du herri bazkariak. Erramun Amundarainen hutsunea. Orain arte, urtero-urtero, Amundarain eta haren lantaldea arduratu izan dira herritarrentzako bazkaria prestatzeaz, eta ondorioz, haren falta sumatuko dutela aitortu dute antolatzaileek. Hala ere, lantaldeak aurrera egitea da Amundaraini egin diezaioketen omenaldirik onena, eta aurtengo bazkaria ere euren esku egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek: «Fitxaje berriekin lan talde ederra osatu dute aurtengoan 500 laguni bazkaltzen emateko. Oso pozik gaude».
Musika ere bai
Arratsaldeak ere izango du jai kutsu berezirik, musikaren txanda izango baita. Bazkalondotik hasi eta gaueko ordu txikietara arte iraungo du jai giroak. Andoni Ollokiegi aurrena, Hamarru elektrotxaranga ondoren, eta egun horretan klasiko bihurtu den Gozategi taldeak itxiko du eguna.
EGITARAUA
Bihar, irailak 5
- 10:00. Barandiaran plazan, Emaneurre Euskarari Eguneko kuadrillen arteko herri kirolak.
- 15:00. Plaza Nagusian, herri bazkaria.
- 16:30. Plaza Nagusian, Andoni Ollokiegiren emanaldia.
- 18:30. Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Plaza Nagusian, Gozategi taldearen kontzertua.













