Herritarrei mobilizazioetara batzeko deia
Legazpiko Artzain Eguneko omenaldien eta gazta lehiaketaren ondoren, Gipuzkoako EHNEko Bittor Sanchezek hartu zuen mikrofonoa eskuan, bizi duten egoera "oso gogorra eta latza" azaldu eta datozen egunetan antolatzeko asmotan diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
GIpuzkoako EHNEko ordezkaria atzo, Legazpin.Loinaz Agirre. Legazpiko Artzain Eguneko omenaldien eta gazta lehiaketaren ondoren, atzo, Gipuzkoako EHNEko Bittor Sanchezek hartu zuen mikrofonoa eskuan, bizi duten egoera “oso gogorra eta latza” azaldu eta datozen egunetan antolatzeko asmotan diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Sanchezen esanetan, azken aldi honetan nekazaritzaren “gainbehera” areagotu da: “Badakigu ze preziotan saltzen ditugun esnea, txahalak, moxalak… Azken aldi honetan denok dakigu behi esnea ze preziotan dagoen… eta orain lehortea gehitu zaigu”.
Lehorteak ondorioak
Horri guztiari, lehortea gehitu zaio orain. Lehortearen ondorioetan, bi arazo azpimarratu zituen: “Alde batetik, baserri askotan, etxeko iturria agortu edo jaitsi zaie, eta ur arazo handiak izan dituzte. Ez daukate uraren oinarrizko eskubidea bermatuta. Askotan esaten dugu gure artean, bigarren mailako herritarrak izango ote garen edo”.
Ondorioz, “ganaduari ura eta jana eramaten aritu gara, horrek ekarri duen kostuarekin, horrek ekarri duen lanarekin eta ardurarekin”.
Bi bilera
Egoera horren aurrean, EHNE Gipuzkoatik “bi bide” proposatu dituzte, “gutxienez, egoera honi ekonomikoki arindu bat” emateko.
Alde batetik, erakundeekin bilerak eskatu dituzte: “Pradalesekin [EAEko Lehendakaria] bilera eskatu dugu. Izan ere, Nekazaritza Sailburuaren jarrera iruditu zaigu izan dela lotsagabea, lotsagarria eta iraingarria. Non ia iritsi den esatera, lehorterik ez dela. Onartzen dugu Sailburu horrekin ezin dugula hitz egin jarrera hori edukita”.
Bigarren bilera Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote. “Hilaren 10ean daukagu. Egia esanda, Diputazioaren jarrera beste jarrera batekoa izan da. Printzipioz ondo, baina ikusiko dugu zertan gauzatzen den”.
Mobilizazioak
Beste bidea, mobilizazioarena izango dela iragarri du: “Jendeari eskatu nahi genieke, EHNE Gipuzkoak edo beste edozein erakunde sindikalek antolatzen duen mobilizazioetan parte hartzeko. Ea denon artean, denontzako dena lortzen dugun, eta behintzat egoera honi ekonomikoki arindu bat ematen diogun. Izan ere, aurten pasatu dugun uda gure bihotzean eta gure buruan betirako geratuko dira”.













