Eskuzko taldeak, hiru goierritar tartean, Munduko Txapelketako finalera
Irribarriak eta Garmendiak ligaxkako lehen partidak jokatu dituzte, eta Azketak bigarrena. Bi partida irabazita, finalerako txartela ziurtatu dute. Trinketeko pilota egokituan Brasil izango dute aurkari. Lehen bi partidak jokatu ditu Elkorok.
Beñat Azketa, sakatzear, eta ondoan Oier Elorz, Mexikoren aurkako partidan.Hitza Munduko Euskal Pilota Txapelketa aurrera doa. Eskuzko euskal selekzioan daude Ekhi Irribarria aramarra –36 metroko frontoian buruz burukoan– eta Beñat Azketa eta Beñat Garmendia beasaindarrak –36 metroko frontoian binakakoan–, eta aurrera egin eta finalera sailkatzea lortu dute, banaka zein binaka.
Buruz buru, Ekhi Irribarriak 2-0 irabazi zion lehen partida Frantziako selekzioko Itoizi, 10-3 eta 10-1. Binakako lehen partidan, Beñat Garmendiak Eñaut Lizeagarekin jokatu zuen Guero eta Kevin mexikarren aurka, eta hori ere 2-0 irabazi zuten, 10-3 eta 10-4.
Bigarren partidan, Gaizka Carregal aritu zen buruz buru, Ekhi Irribarria ordezko, eta Mexikoko Hernandezi 2-0 irabazi zion, 10-4 eta 10-3. Binaka, Beñat Azketa aritu zen Oier Elorzekin bigarren partidan, eta Frantziako Harguindeguy eta Mendi/Iturberen aurka 2-0 nagusitu ziren, 10-0 eta 10-2.
Banaka zein binaka lehen bi partidak irabazita, sailkatuta daude jada finalerako. Halere, tartean beste partida bat izango dute: buruz buru zein binaka, Espainiaren aurka jokatuko du euskal selekzioak asteartean. Finalak ostiralean izango dira.
Bigarrena, Portugalen aurka
German Elkoro beasaindarra trinketean zein frontoian lehiatzen den taldean dago. Trinketeko pilota egokituko lehen partidan Edorta De Antarekin jokatu zuen Elkorok, Argentinako Aldo Serra/Franco Herrera eta Guillermo Poggioren aurka, eta 2 eta 0 irabazi zuten, 15-8 eta 15-3.
Bigarren partida, aldiz, Beñat Lizasorekin jokatu zuen Elkorok, eta Navarro eta Vianney frantziarren aurka galdu zuten, 7-15 eta 9-15. Trinketeko hurrengo partida Brasilen aurka izango dute, asteartean. Irabaziz gero, finala jokatzeko aukera izango lukete ostegunean.
36 metroko frontoian, berriz, Sergio Rodriguezek eta Edorta De Antak 2-0 irabazi zieten Argentinako Herrera eta Irazustari lehen partidan, 15-2 eta 15-1. Bigarrena gaur dute, Portugalen aurka. Ondoren Frantzia izango dute aurkari asteazkenean, eta finala larunbatean izango litzateke.













