Natur-bideko lanak aurrera doaz
Hiriguneko zein landa-lurretako lanak daude martxan. Beasain, Olaberria eta Idiazabal konektatzeko lehen urratsa izango zela iragarri zuen udalak obrak hasi berritan.
Natur-bidea Bernedoenean, gasolindegira iritsi aurreko zatian.Laida Goiburu Oria ibaiaren ertzeko natur-bideko lanak aurrera doaz. Kilometro bateko ibilbidea izango da, eta urte amaierarako prest egotea espero du udalak. Olaberria eta Idiazabalekin lotuko da.
Oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea izango da, baina ez da bidegorria kontsideratzen ez duelako zoladura berbera. Halere, Goierriko bidegorri sarearen ardatz berri bat izango da.
Bernedoeneako osasun etxetik Altamira auzoraino eraikiko dute bidea, Indar lantegi ingururaino. Bernedoeneatik Oria ibaiaren beste aldera pasatzeko 42 metroko egur laminatuzko zubi bat eraikiko dute. Zubiaren hornidura eta instalazioa atzeratu egin dela azaldu du udalak.

Proiektu osoaren aurrekontua 939.497 eurokoa da. Landa-lurretako lanak Lurkide Hondakinak S.L. enpresari esleitu zitzaizkion 593.054 euroan, eta hiriguneko zatikoak Urbycolan S.L. enpresari 346.443 euroan. Bi zatiak daude martxan. Hiriguneko zatiak asfalto inprimatua izango du, eta landa-eremukoak, berriz, lurrezko pista. Bide osoa argiztatuko dute. Bukatuta ez badago ere, jada eraiki dute osasun zentrotik gasolindegi ingurura doan zatia; bideak forma hartu du Scania eta gasolindegi atzeko zatian. Hortik pasatuko da bidea zubitik beste aldera.
Beasain, Olaberria eta Idiazabal modu seguruan konektatzeko lehen urratsa izango dela iragarri zuen udalak obrak hasi berritan. Atzerapenak izan baditu ere, 2027an jada prest egotea aurreikusi du. Ekimenarekin, herritarrek «naturaz gozatzeko» gune berri bat izango dute udalaren esanetan, «aisialdirako, lanerako edo eguneroko joan.etorrietarako modu osasuntsu eta jasangarrian».














