Ataungo Hiru Auzoetako 45. Korrikaldia igandean
‘Mantzaren orimenezkoa’-k hiru auzoak lotuko ditu berriro ere. Errekorra egiten duenarentzat 300 euroko saria egongo da.
Ataungo Hiru Auzoetako 39. Korrikaldiaren irteera, atzo goizean. Ezkerrean, gorriz, Alexander Oiarbide irabazlea. Ataungo Hiru Auzoetako 45. Korrikaldia jokatuko dute igandean, 11:00etan, San Martingo plazatik hasita. Ataungo Atletismo Taldeak antolatzen du, eta bertako Estebe Amundarain kideak «herriko hiru auzoak lotzeko» helburua dutela dio. 2015ean lasterketari izena aldatu zioten herriko korrikalari bat hil zelako, korrika zebilela. «Mantza deitzen zioten», eta «lasterketa hau antolatzen ere laguntzen zuenez», lasterketari bere izena jartzea erabaki zuten.
Ohi den bezala 17,3km-ko bidea izango da: San Martindik irtenda, San Gregoriotik eta Kaxetatik igaroz Aiaraino joango dira, eta handik bueltan iritsiko dira San Martingo helmugara. Ibilbidea osatzeko gehienezko bi orduko denbora izango dute korrikalariek.
Izen-emateak egunean bertan, 10:00etatik aurrera, edo eguna baino lehen, www.kirolprobak.com webgunearen bidez, egin beharko dira. Aurretik izena ematen bada 15 euro ordaindu beharko direla adierazi dute, era berean, egunean bertan eginez gero 20 euro. Amundarainen esanetan, «beti ere nahiago izaten dugu aurretik jakitea zenbat korrikalari izango diren, baina aukera hori eskaintzea, egunean bertan izena ematekoa, beharrezkoa ikusten dugu».
Atzo 17:00etan, 55 lagun inguru zeuden izena emanda, baina, Amundarainek zehaztu du «normalean azken egunetan apuntatzen dela jende gehien».
Zenbait sari
Hiru auzoak zeharkatuko dituen korrikaldian zenbait sari banatuko dira. Lehenengo hiru sailkatuei, lehen hiru beteranoei, lehen herritarrari eta lehen herritar beteranoari ere emango zaie sari bana, denak emakumeei eta gizonei. Bestalde, partaide guztiei herriko produktuen sorta bana banatuko zaie: «Herriko sagardo botila bat, Troskaeta gazta eta ezti pote txiki bat».
Beste erronka bat ere jarri dute antolatzaileek: «Korrikaldiko errekorra (54:10 gizonek eta 1:04:52 emakumeek) hobetzen duenarentzat 300 euroko saria egongo da». Amundarainen arabera, «urte askoan egon zen marka bat hobetu ezin zela eta horregatik hasi ginen kontu honekin». Baina, «gure asmoa ez da jendea errekorra egitea etortzea».
Haurren korrika festa
Helduen korrikaldiaren irteeraren ondoren Haurren Korrika Festa izango da. Antolatzaileek baldintza batzuk jartzen dituzte: «Batetik, adin mugarik ez badago ere, 18 urtez azpikoek gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko dute. Horretarako baimen orria izena emateko web orrian aurkitu daiteke». Bestetik, gertatu ahal diren ezbeharrez antolatzaileak «ez direla arduratuko» ohartarazi dute. Egitasmo honetan ere haurrei, sariak banatzen dizkiete.












