Autobus zerbitzu bereziak urriaren 30 eta 31ko Cava Festarako
Zerbitzu bereziak urriaren 30 iluntzetik 31rako gauean eskainiko dira. Autobusak Goierriko zortzi herritan egingo ditu geldialdiak.
Urriaren 30ean eta 31n ospatuko da aurten 12. Cava Festa Zegaman. Ohi bezala, Zegama senidetuta dagoen Sant Sadurni D´Anoiako (Herrialde Katalanak) cava ezberdinak probatzeko aukera izango da herriko frontoian, 20:00etatik aurrera. Iaz bezala, aurten ere autobus zerbitzu berezia jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.
Jaiak «modu jasangarrian, merkean eta batez ere, segurtasunez gozatu ahal izatea» da zerbitzu honen helburu nagusia Azahar Dominguez diputatuak esan duenez. Autobus zerbitzu bereziak ostiral iluntzetik larunbatera bitartean egongo dira indarrean, eta larunbatetik igandera Lurraldebuseko ohiko zerbitzuak eskainiko dira, «larunbatero bezala».
Ordutegiak herrika
Autobus zerbitzu bereziak 00:10ean eta 01:55ean irtengo dira Zegamatik ostiraletik larunbaterako gauean eta geldialdiak egingo ditu ondorengo herrietan: Seguran, 00:20an eta 02:05ean; Idiazabalen, 00:25ean eta 02:10ean; Ihurren, 00:30ean eta 02:15ean; Beasainen, 00:35ean eta 02:20an; Ordizian, 00:45ean eta 02:40an; Araman, 00:50ean eta 02:35ean; Itsasondon, 00:55ean eta 02:40an eta Legorretan, 1:00ean eta 02:45ean.
Ordutegiak Lurraldebuseko webgunean edo erabiltzaileei arreta emateko 900 300 340an kontsultatu daitezke.












