Haur eta familientzako irakurketa klubak aurrenekoz martxan dira Legorretan
Lehen aldiz antolatu ditu Legorretako Udalak. Galtzagorri elkarteak gidatuko ditu. Bihar hasiko dira, adinaren arabera banaturiko bi taldetan.
Legorretako Udal Liburutegian izango dira saioak. Legorretako Udala Ikasturte berriarekin batera, dinamika berriak martxan dira Legorretan: aurreneko aldiz, udalerriko haur eta familiei zuzenduriko irakurketa-klubak izango dituzte udalerrian. Legorretako Udalaren ekimenez antolatu dituzte, eta Galtzagorri elkartea arduratuko da saioaren dinamika zein gidaritza orokorraz. Ostegunean abiatuko dituzte, urriaren 22an, Legorretako Udal Liburutegian.
Irakurketa-kluben helburu nagusia da gurasoen eta haurren artean liburutegira joateko ohitura sortzea eta sendotzea, eta, aldi berean, haurrei zuzendutako euskal literatura abiapuntu hartuta, irakurketara gerturatzea. Zentzu horretan, irakurketa-ohiturak sustatzea, kalitatezko euskal literatura ezagutaraztea eta guraso nahiz senideen eta haurren arteko irakurketa-giro partekatua sortzea bilatuko dute saioek.
Helburu horiek lantzeko, Legorretako Udalak Galtzagorri elkartearen laguntza izango du. Elkarteak urteak daramatza haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzen eta euskarazko haur eta gazte literatura ezagutarazten. Saioen bidez, beraz, liburuak eta irakurketa izango dira familia arteko jardueraren ardatz, eta liburutegia topagune eta irakurketa partekaturako gune gisa indartu nahi dute.
Euskara hutsean
Legorretako Udalak jakinarazi duenez, bi talde osatuko dituzte adinaren arabera banatuta: bata 3 eta 5 urte bitarteko haurren familientzat izango da, eta bestea, berriz, 6 eta 8 urte bitarteko haurren familientzat. Ostegunetan izango dira, aste honetan hasita, eta urriaren 22an ez ezik, azaroaren 12an eta abenduaren 3an egingo dira, liburutegian bertan. HHkoen taldeko gurasoen txanda izango da lehenik, 17.00etatik 18:00etara bitartean, eta LHko gurasoena, berriz, jarraian, 18:00etatik 19:00etara bitartean.
Saioak euskara hutsean izango direla ere aurreratu du udalak, eta beraz, garrantzitsua izango da haurrarekin saioetara joaten den helduak parte hartzeko jarrera aktiboa izatea eta hizkuntza ondo ulertu eta menperatzea.












