Joseba Rezola pasealekuko zuhaitz-mozketen azalpenak eskatu ditu Ordizia Orainek
Udal Gobernuak jarduketak egin aurretik azalpenak eman ez izana salatu du. Birlandaketarako alternatibak aztertzea proposatu du.
Joseba Rezola pasealekua atzo goizean.Izaro Villarreal Ordizia Orain-Ahal Duguk Joseba Rezola pasealekuan egindako zuhaitz-mozketen inguruko azalpenak eskatu dizkio EH Bilduren udal gobernuari, ADIFen trenbide inguruko obren harira. Taldeak salatu duenez, hainbat ale moztu dituzte, baina antza, oraindik ez du jaso erabakia hartzeko zer irizpide tekniko erabili diren azaltzen duen informaziorik.
Taldearen arabera, obrak hasi aurretik agertu zuten kezka. Irailaren 16ko Lurraldeko Informazio Batzordean, udal gobernuak eremu horretan aurreikusitako jarduketak azaldu zituen, tartean lau metro inguruko pantaila akustiko zeharrargia, ureztatze-sistema instalatzea eta zuhaitzak birlandatzea; horretarako, loredun madariondoak aipatu zituzten.
Hurrengo egunean, Jasangarritasun Batzordean, pasealekuko bi eremuak bereizita aztertzea eta bakoitzerako espezie, lerrokadura eta landaketa-modu desberdinak alderatzea proposatu zuen Ordizia Orainek, komunikabideetara bidalitako oharrean adierazi duenez.
«Erantzunaren zain»
Urriaren 7an eskaera formala erregistratu zuen taldeak, «zuhaitzak markatuta zeudela ikusita». Besteak beste, zenbat eta zein zuhaitz kenduko ziren, mozketen arrazoiak, ADIFen baldintzak eta etorkizuneko birlandaketa nola egingo zen galdetu zuen. Salatu duenez, oraindik ez du erantzunik jaso: «Urriaren 12rako hainbat zuhaitz moztuta zeuden jada».
Ordizia Orainek onartu du obrek zuhaitz batzuk kentzea beharrezko egin dezaketela, baina «onartezintzat» jo du erabilitako irizpide teknikoak azaldu gabe jardutea. Udal gobernuari eskatu dio, hala, mozketen arrazoiak, mantenduko diren aleak eta erabakiaren arduradunak argitzeko.
Birlandaketa, zalantzan
Birlandaketarako proposatutako loredun madariondoen aukera ere zalantzan jarri du taldeak, beste espezieekin alderaketarik egin ez dela iritzita. Joseba Rezola «eguzkiak gogor jotzen duen kalea» dela nabarmendu du, eta zuhaitzek itzala ematea, lurzoruaren beroketa murriztea eta pasealekuko erosotasuna hobetzea ere kontuan hartu beharko liratekeela defendatu du.
Horregatik, bi edo hiru alternatiba aztertzea proposatu du, espezieak, kokapenak eta lerrokadurak aldatuta, eta zuhaitzak landatu berritan zein 10-20 urte barru nolakoak izango liratekeen alderatzea. Era berean, lurzorua leheneratzea, berdegunea handitzea eta euri-ura hobeto infiltratzeko aukerak aztertzea eskatu du.
Azkenik, Ordizia Orainek eskatu du ez dadila birlandaketari buruzko «erabaki atzeraezinik» hartu alternatibak aztertu aurretik, eta «udaleko Lorezaintza eta Jasangarritasuneko langileen parte-hartzea» bermatu dadila. Ustez, denbora dago Joseba Rezolak datozen urteetan izango duen zuhaiztia egokien aukeratzeko.
«Egoera txarrean» zeuden zuhaitzak kendu dituztela dio EH Bilduk
EH Bilduk Goierriko Hitzari azaldu dio zarataren aurkako pantailak jartzeko lanak egiten ari dela ADIF Joseba Rezola pasealekuan, eta horretarako trenbidearen hesiarekin muga egiten duten lorategietan esku hartu dutela. Lanen ondorioz, «egoera txarrean zeuden hainbat zuhaitz» ere kendu dituztela jakinarazi du.
Kendutako zuhaitzen ordezkapenaren ardura ADIFen eta Ordiziako Udalaren artean banatuko da, antza: ADIFek bere lanak egiteko kendutako aleak ordezkatuko ditu, eta udalak, berriz, aurretik egoera txarrean zeuden zuhaitzak.












