Migrazioaren errealitatea ‘Tertulia Afarien’ lehenengo saioan
Chickh Lo senegaldar altsasuarra aritu da hizlari lanetan. Amezti elkartean izango da saioa, ostiralean 20:00etan. Bigarren saioa abenduaren 11n izango da, auto elektrikoez.
Ostiral honetan ospatuko da Zegamako Amezti elkartearen Tertulia Afariak ekimenaren baitako bi saioetako lehenengoa. Cheikh Mbacke Lo idazle senegaldar altsasuarrak Itsasoak isildutakoen ahotsa hitzaldia egingo du Amezti elkartean, 20:00etan. Bigarren saioa, abenduaren 11n izango da eta Jon Aramendia herritarrak auto elektrikoei buruzko solasaldia girotuko du. Bigarren saio honetan parte hartzeko izen ematea irekita dago jada.
Cheikh Mbacke Lok 22 urterekin utzi zuen Senegal (Afrika) jaioterria. Mediterraneoa gurutzatu eta Andaluzian egin zuen lehenengo egonaldia, ondoren Euskal Herrira iristeko. Markinan (Bizkaia) bizi izan zen aurrena eta gaur egun Altsasu (Nafarroa) du bizitoki. Urte luzeetan Goierriko herrietan saltzaile aritu da eta oso ezaguna da eskualdean, Zegaman eta Seguran batez ere. Orain metalgintzan egiten du lan eta bere lehen liburua argitaratu du: Yakaar. Cartografia de la esperanza.
Migrazioaren errelitateaz
Orain bi hamarkada egindako bidaia berreskuratu du Lok liburua ontzeko. Migrazioaren errealitate gordina, bideko zailtasunak eta bizitako sufrimendua bildu ditu bertan eta horiei buruz arituko da ostiralean Ameztiko tertulia afarian. Liburua «gizakien artean zubi bat eraikitzeko eta gizarteak migratzaileen errealitatea hobeto ulertzen laguntzeko asmoz» idatzi duela esan zuen Lok GOIBERRI aldizkariari irailean emandako elkarrizketan.
Orain dela 20 urte iritsi zen Europara pateran, «hogeita hamaika lagunek ekin genion bidaiari, eta bi baino ez ginen iritsi. Bidean geratu ziren pertsonen oroimenak eta haien historia kontatzeko beharrak bultzatu ninduen liburua idaztera. Munduan injustizia asko dago, eta pertsona zaurgarrienen alde ahotsa altxatu nahi nuen», zioen.
Auto elektrikoak, abenduan
Gaia aldatuta, auto elektrikoen inguruko solasaldiaren bueltan antolatu dute abenduaren 11n, Tertulia Afariak ekimenaren bigarren saioa. Jon Aramendia ingeniari zegamarra izango da gonbidatua eta Auto elektrikoa: etorkizuneko mugikortasun egokiena? izenburupean egingo du hitzaldia. Mugikortasun jasangarri eta efizienteari buruzko gaur egungo ikerketak eta etorkizuneko aurreikuspenak aletuko ditu, «legeditik harago gizartean dagoen kezka nagusietako bati erantzunez».
Bi kasuetan, hitzaldien ostean afaria egingo da elkartean hitzaldietara gonbidatuta protagonistekin eta solasaldian parte hartu duten herritarrekin. Elkarteko bazkideek eta laguntzaileek izango dute lehentasuna izena ematerakoan, baina herritar guztiei zabalduko zaie aukera, epeak amaitu ostean. Afariak 30 euroko prezioa du. Abenduaren 11ko saioan izena emateko epea abenduaren 4ra arte egongo da irekita. Izena emateko elkarteko tabloian apuntatu daiteke edo 677 98 43 87 (Aitor) telefonora deitu.












