Mikel Aiestaranek Euskadi Literatura Saria jasoko du
Peninsula argitaletxeak argitaratutako 'Historias de Gaza: la vida entre guerras' lanagatik lortu du saria Gaztelaniazko Saiakera modalitatean.
Mikel Ayestaran, 'Historias de Gaza' eskuetan duela.Irekia Mikel Aiestaran (Beasain, 1975) kazetari eta idazleak Euskadi Literatura Saria jasoko du Gaztelaniazko Saiakera modalitatean, Peninsula argitaletxeak argitaratutako Historias de Gaza: la vida entre guerras lanagatik.
Epaimahaiaren arabera, lanak kazetaritzaren zorroztasuna eta kalitate literarioko narrazio-eraikuntza uztartzen ditu, eta gaurkotasuneko kronika edo erreportajeen bilduma izatetik harago, Gazako errealitatea ulertzeko proiektu koherente eta bateratua proposatzen du, norbanakoen bizipenetan oinarritutako kontakizunen bidez.
Gaztelaniazko Literaturaren Saria Eli Tolaretxipi irakasle, poeta eta itzultzaile donostiarrak jasoko du Cuerpos pasajeros lanagatik, Euskarazko Literatura Itzulpenaren Saria Matias Mujika itzultzaile eta editore iruindarrak Odisea lanagatik eta Euskarazko Saiakeraren Saria Jon Gerediaga poeta antzerkigile eta antropologian doktore bilbotarrak Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) lanagatik.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak antolatzen du sariketa. Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek eman ditu ezagutzera gaur sarituak Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Saridun bakoitzak 18.000 euroko diru-saria jasoko du, eta saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria ere jaso dezake.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 20an izango da, Bilboko Euskal Museoan, 18:00etan.












