«Ormaiztegin amaitzea zirkulua ixtea bezala izango da»
Igande honetan jokatuko du Ion Izagirrek (Ormaiztegi, 1989) bere ibilbide profesionaleko lasterketa berezienetako bat Ormaiztegin.
Ion Izagirre Ormaiztegiko 53. Ziklo Krosean, iaz, azaroaren 9an. Laida Goiburu Lombardiako Giroan errepideko txirrindularitza profesionalari agur esan eta gero, jaioterrian egingo du bizikleta gaineko bere azken lasterketa Ion Izagirrek igande honetan, Ormaiztegiko 54. Nazioarte Ziklo Kros proban. Iazko abenduan eman zuen erabakiaren berri eta txirrindularitzaren mailarik gorenean hamasei denboraldi beteta jaitsiko da gurpil gainetik igande honetan.
Lombardiako Giroan agur esan zenion errepideko zure ibilbide profesionalari. Emozioz betetako eguna izan zen zuretzat?
Justu hamar egun lehenago eskumuturreko erradioa hautsi nuen eta horrek ia ia nere kirol ibilbidea bertan behera uztera behartu ninduen. Medikuekin eta traumatologoekin egindako lanari esker Lombardiako irteeran egoteko aukera izan nuen, eta nik nahi bezala agurtu ahal izan nuen nire kirol ibilbidea. Familia, alabak, ama, lagunak ere etorri ziren ezustean egun berezi hori nirekin partekatzera eta oso emotiboa izan zen alde horretatik.
Cofidis taldeak, Lombardiako Giroko antolakuntzak eta gainontzeko kideek ere egin zizuten aitortza.
Azken bost urte hauetan taldekideak izan ditudan Cofidiseko lagunak ere han izan nituen, bizikleta berezia ere egin zidaten egun horretararako, detaile polita izan zen, eta noski tropeleko kideen agur hori ere polita izan zen. Emozio asko bizitzen dira, une asko gogoratzen dira 17 urte izan direlako eta urte guzti hauetan jende asko ezagutzeko aukera ere izan dudalako. Amaiera han bertan eman ahal izatea, hainbeste ezagunen artean polita izan zen.
Agurra lagun baten ondoan egin zenuen, Pello Bilbaorentzat ere azken lasterketa izan zelako.
Goxoagoa izan zen agur hori, etxekoagoa. Pello bezalako lagun baten ondoan, egun berean agur esatea Lombardia bezalako lasterketa batean, polita izan zen.
Elkarrekin izango zarete berriz, igandean Ormaiztegiko 54. Nazioarteko Ziklo Kros proban.
Hori da asmoa. Eskumuturrarekin borrokan nabil oraindik. Ziklo krosa ez da modalitaterik erosoena kasu honetan, baina asmoa bertan egotea da, nire jaioterrian, Ormaiztegin eta bera ere animatu da.
Ormaiztegikoa izango da orduan, zure azkeneko lasterketa.
Bai. Hortik aurrerakoak ia ez dira lasterketak izango. Nonbaiten azalduko banaiz, martxaren batean edo izan daiteke, baina ez jada lehiatzen.
Igandekoa berezia izango da orduan?
Nire hastapenak, ziklo krosean nire lehenengo pausoak Ormaiztegin eman nituen. Aita ere txirrindularia izan zen bere garaian eta orain antolakuntzan daude murgilduta bai aita, anaia eta lagun asko. Bertan agur esan ahal izatea zirkulua ixtea bezala izango da. Momentu eta gune polita, Ormaiztegi nire jaioterria delako.
Orain dela urte bete adierazi zenuen txirrindularitza profesionala uzteko zure asmoa. Zergatik erabakia?
2025a ez zen urte oso ona izan niretzako. Ez nuen gozatzerik izan, gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala atera eta denboraldi amaieran kanpoan ikusi nuen nire burua, nik espero ez nuen une batean. Oso gaizki pasatu nuen, etxekoak ere gaizki pasatu zuten. Cofidisek beste urte bat gehiago egiteko aukera eskaini zidan eta orduan erabaki genuen nahikoa zela eta urte hori pasatuta utzi egingo nuela. Askotan ez da erraza norbere kirol ibilbidea noiz bukatzen den onartzea, baina nik nik erabakitzea nahi nuen. Gauza asko eman dizkit bizikletak, baina beste asko ere galdu ditut, nire alabaren ondoan une asko galdu ditut. Guzti hori elkartuta agur esateko unea zela uste dut.
2026ak iazko arantza kentzeko balio izan dizu?
Argi dago, 2025arekin alderatuta guztiz bestelako txirrindularia izan naiz aurten. Ez dakit zergatik, agian lasaitasuna eman dit erabaki hori hartzeak. Karga psikologiko hori alde batera utzi, eta modu batera edo bestera, egiten dudanarekin gozatzeko aukera eman dit eta horrek emaitzak etortzea ahalbideratu du. Kirol ibilbidea gozatzen amaitzea polita da. Askotan gertatzen da gauzak norberak nahi bezala ez ateratzea, ez gozatzea… erreta amaitzen duzu bizikletarekin, munduarekin… eta horrela ere ez nuen amaitu nahi.
Etorkizunean zer leku beteko du bizikletak zure bizitzan?
Momentuz ez daukat asmorik bizikleta profesionalaren munduan zuzendari gisa, edo prestatzaile bezala egoteko asmorik. Bizikletaz gozatzen jarraituko dut beste modu batera, zikloturista edo afizionatu gisa lagun artean eta inongo presiorik gabe.












