Aparteko ekintzekin ospatuko ditu 30 urteak Beasaingo Ikastolak
1996-1997 ikasturtean sortu zuten Beasaingo Ikastola. Gaur egun, 0-16 urte bitarteko 293 ikasle ditu. Azaroaren 4an nerabeei begirako buru osasunaren inguruko hitzaldia izango da.
Jangelako, Biziolako, Azurmendi harategiko eta Ekoaldeko ordezkariak.Hitza Beasaingo Ikastolak 30. urteurrena du aurten. 1993ko Eskola Publikoaren legearen testuinguruan sortu zen 1996-1997an. Haur Hezkuntzarako baimendu zen lehenik, Lehen Hezkuntzarako gero, eta 2015-2016 ikasturteaz geroztik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ere eskaintzen du. Hala, 0-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintza du, 293 ikaslerekin gaur egun. 30 urteak ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen hilabeteetan, 30 urte sustraietatik hazten lelopean.
Itziar Flores zuzendariak azaldu duenez, Beasaingo Ikastolak jangela propioa izan du eta janari ekologikoaren aldeko apustua egin du sorreratik. Bide hori berresteko eta ekoizle eta hornitzaileei aitortza egiteko, urriaren hasieran argazkia atera zuten jangelako, Biziolako, Azurmendi harategiko eta Ekoaldeko ordezkariek. «Bizpahiru urte daramatzagu Biziolarekin egindako hitzarmenarekin, baita Ekoalderekin ere, eta olioa, piperrak edota lekale asko Errigorak ekartzen dizkigu», azaldu du Floresek. Horrez gain, «ogia, esnekiak, ahalik eta gehien inguruko ekoizleetatik» kontsumitzen dituzte. Argazkia atera nahi izan zuten apustu horren erakusgarri, «jangelak indar handia» izan duela eta duela adierazteko: «Apustua bertan kozinatzearen aldekoa izan da eta horrela jarraitzen dugu; ahalik eta gehiena kilometro zerotik».
Hitzaldi sorta udaletxean
Jakien kudeaketarekin jarraituta, zuzendariak azaldu du Beasaingo Ikastolak aurten bat egin duela Rexcatering jangelako soberakinak aprobetxatzeko zerbitzuarekin. Udaletxe azpian dagoen makinara eramaten dituzte.
Hitzaldi sorta bat antolatu dute urteurrenagatik. Horietatik lehena azaroaren 4an izango da, 18:00etan udaletxeko batzar aretoan. Buru osasunaren inguruko hitzaldia izango da: «Nerabeei begira, ikusten dugulako badela gai bat denok kezkatzen gaituena». Amaia Aierra EHI Euskal Herriko Ikastolak-eko ongizate arduradunak eta Eider Zuaitz haur eta nerabeen psikiatrak egingo dute, Gure nerabeak entzuten lelopean.
Abenduaren 16an, berriz, euskararen inguruko hitzaldia egingo du Kike Amonarrizek udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan. Zuzendariaren esanetan, ikastolako oinarrietako bat euskara eta euskal kultura izanik, «beste eragile asko bezala ikastola ere kezkatzen baitu euskarak kanpotik jasotzen duen oldarraldiak eta hautu pertsonalen eraginak».
Aurreratu duten azken hitzaldia Gaurdanik geroa da. Euskal Herriko Ikastola guztiek antolatuko dute herriz herri urtarriletik martxora bitartean, eta Beasainen urtarrilaren 20an egingo dute. «Nondik gatozen, non gauden eta nora goazen hausnartzeko izango da».
Hurrengo ekitaldiak
Azaroak 4, asteazkena
18:00. Gure nerabeak entzuten. Nola lagundu gure nerabeei? hitzaldia, udaletxeko batzar aretoan. Hizlariak: Amaia Aierra EHI Euskal Herriko Ikastolak-eko ongizate arduraduna eta Eider Zuaitz haur eta nerabeen psikiatra.
Abenduak 16, asteazkena
18:00. Kike Amonarrizen hitzaldia euskararen inguruan, udaletxeko batzar aretoan.
Urtarrilak 20, asteazkena
18:00. Gaurdanik geroa hitzaldia, udaletxeko batzar aretoan.












