Enirio-Aralarren 18.000 euroko partida, lehorteari aurre egiteko
Mankomunitateak azaldu du 2026ko uda «inoiz bizi gabekoa» izan dela. Gipuzkoako Foru Aldundiari 2027rako berariazko partida sortzeko eskatu dio. Etorkizuneko lehorteei aurre egiteko ordenantzak berritzeari ekin dio.
Aralarko paisaiaren irudia, Txindokiko punta atzean. Hitza Enirio-Aralar Mankomunitatearen arabera, 2026ko udako lehorteak «orain arte inoiz bizi gabeko egoera» eragin du mendian. Mankomunitateak adierazi du 2022ko lehorteak gogor jo zuen arren, aurtengoak «marka guztiak hautsi» dituela. Egoerari aurre egiteko, ekainean bertan hainbat neurri hartu zituen ganaduzaleen ordezkariekin elkarlanean.
Batetik, lehortearen eta ur eskasiaren aurrean jarduteko Kontingentzia Plana burutzea adostu zuten. Plana uztaileko Zuzendaritza Batzarrean onartu zen, eta, 18.000 euroko partida berria sortu zen ura mendira eramateko. Bestetik, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin koordinatu zuten mendira igotzeko erabil zitezkeen ur-hartuneak eta garraioaren antolaketa.
Mankomunitatearen arabera, neurri horiek aukera eman zuten ur hornidura modu «ordenatuan eta gatazkarik gabe» kudeatzeko. Hala ere, 18.000 euroko partida agortu zenean, egoera muturrera iritsi zela gogoratu dute: «Mendian urik eta janaririk gabe geratzeko arriskuaren aurrean, erabiltzaile askok abereak menditik jaistea erabaki zuten».
Aldundiaren ekarpena
Egoeraren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026rako aurreikusitako zenbait lanetara bideratutako diru partida aldatu eta ura mendira eramateko erabiltzea proposatu zuen. Zehazki, Goilarre programan aurten egitekoak ziren hainbat lan egin gabe uztea eta horretarako aurreikusitako dirua ur garraiora bideratzea planteatu zuen.
Mankomunitateak nabarmendu du neurri horiek «unean uneko irtenbideak» izan direla, eta etorkizunera begirako plangintza beharrezkoa dela. Horren harira, mendian dauden iturburuen, deposituen eta askaren egoeraren diagnostikoa egin du Mankomunitateak, eta ur instalazioak hobetzeko beharrezkoak diren lanak identifikatu ditu.
Hala, Enirio-Aralarrek Aldundiari eskatu dio 2027rako berariazko partida bat sor dezala ura mendira eramateko gastuei aurre egiteko, eta, 2026an gauzatu gabe geratu diren lanak konpentsatzeko neurriak har ditzala.
Baliabide-erabilera arautua
Mankomunitateak, halaber, azpimarratu du Aralar «mendi publikoa» dela eta bertako baliabide naturalak aprobetxatzeko aukera ematen duen heinean, erabilera hori «naturaren kontserbazioarekin orekan» egin behar dela. Horren arabera, aurtengoaren moduko egoerak «gero eta ohikoagoak» izan daitezkeenez, epe luzeko ikuspegiarekin jarduteko beharra dagoela azpimarratu du.
2026ko uda «irakaspen» gisa hartu du Mankomunitateak, eta aurreikuspenarekin eta modu planifikatuan lan egitea dela ondorio nagusia nabarmendu du. Aurrerantzean, natur baliabideen aprobetxamendua eta ingurumenaren zaintza uztartzeko lanean jarraituko du, mendiko azpiegiturak hobetuz eta erabilera arautzen duten ordenantzak berritzeko prozesua abiatuz.












