Gau beltza ospatuko dute ordiziarrek, beste behin
Urriaren 31n izango da. Gaztaina jana, taloak, mozorroen photocalla, eskulanak, jolasak eta beldurrak erretzeko ekintza izango dira Ordiziako eragile desberdinen artean antolatuta.
Tradizio bihurtu da dagoeneko Ordizian gau beltza ospatzea, eta aurtengoan ere, iaz egin moduan, egitarau betea antolatu dute Ordiziako eragile desberdinek udalarekin elkarlanean. Datorren larunbatean, urriaren 31n, izango da festa, eta Plaza Nagusia bihurtuko dute gau beltzaren agertoki nagusi.
18:00etatik aurrera, Errugbi elkarteak antolatutako gaztaina jana, taloak, Ortzadar Argazki Elkartearen mozorroen photocalla, Marta Art-ekin batera eskulanak, arrantza jolasa eta beldurrak erretzeko ekintza izango dira. Behin horiek amaituta, 20:00etan, disko festa beldurgarriari ekingo diote.
Ordiziako Udalak mozorroak janzteko eta gau berezia elkarrekin ospatzera gerturatzeko deia egin die herritar guztiei.













