Harri Herri telebista saioko lehenengo kanporaketa, Igarondon
Gari Garmendia eta Xabier Aranburu, besteren artean.
Gari Garmendia harri jasotzen, artxiboko argazkian. Hitza ETB1 telebista kateko Harri Herri programarako lehenengo kanporaketa Idiazabalen jokatuko da igande honetan 12:30ean hasita, Igarondo pilotalekuan. Neguko Harri Herri herri kiroletan oinarritutako lehiaketa formatu berria da, harri jasotzea oinarrian duena. Helburua martxoa eta apirila bitartean grabatuko duten Harri Herri telebista saioan parte hartu ahal izateko txartela eskuratzea da.
Gizonezkoetan Jon eta Mikel Marijuan, Eneko Bilbao eta Xabier Aranburu, Guzta eta Gari Garmendia idiazabaldarrak lehiatuko dira. Emakumezkoetan, berriz, Maddi Guesalaga, Olaia Esnaola, Maddi Salterain, Alba Zubiria eta Ane Cestau. Gari Garmendiak azaldu duenez, hiru minutuko denboran harri baldarrarekin altxaldi gehien egitea izango da helburua, «Idiazabalgoaz gain, beste bi kanporaketa egingo dira datozen hilabeteetan, Amasan eta Urnietan. Hiru kanporaketetan altxaldi gehien egiten dituzten 15 harri jasotzaileak izango dute telebistako saioan parte hartzeko aukera».
Sarrera doakoa da eta nahi duena joan daiteke igandean, norgehiagoka zuzenean ikustera.













