PSE-EEk kritikatu egin du Ezkiaga auzoko parkean txakurrentzako eremua handitzeko erabakia
Udal gobernuari eskatu dio "erabakia berriz aztertzeko eta txakurren jabeek beren maskotekin paseatzeko beste kokaleku bat bilatzeko". Udal gobernuak adierazi du txakur parkea lekuz aldatuko dutela, baina ez du zehaztu noiz eta nora.
Ezkiaga auzoko parkea.PSE-EE Beasaingo PSE-EEk kritikatu egin du EAJren udal gobernuak Ezkiaga auzoko parkean txakurrentzako eremua handitzeko hartutako erabakia, “neguko hilabeteetan herritarrek gehien erabiltzen duten parkearen zatia kenduko litzatekeelako”.
Taldearen ustez, “adinekoentzako parke bakarra” izateaz gain, “babesleku klimatiko garrantzitsua” da eremua, “eguzkiak jotzen duen parkeko zati bakarra baita”.
Espazio publikoei buruzko erabakiak herritar guztien beharrak hartu behar dituzte kontuan PSE-EEren iritziz: “Espazio horiek ohikotasunez erabiltzen dituzten herritarrei entzun behar zaie”.
Gaineratu du EAJren proposamenak “bizilagunen arbuioa” eragin duela, eta, horregatik, udal gobernuari eskatu dio “erabakia berriz aztertzeko eta txakurren jabeek beren maskotekin paseatzeko beste kokaleku bat bilatzeko”.
Udal gobernuak azaldu duenez, baina, txakur parkea lekuz aldatuko dute, noiz eta nora zehaztu ez duen arren.













