Senarrek eta Zubizarreta IV.ak Ataunen jokatuko dute
Albisuk min hartu du, eta Iztuetak jokatuko du bere ordez. Senar herritarrarekin jokatzekoa zuen.
Ataungo lau pilotari profesionalak, aurtengo maiatzean, San Martingo Auzoetan pilotalekuan. Beñat Zubizarreta eta Beñat Senar –erdian– ariko dira larunbateko jaialdian.Aimar Maiz Pilota jaialdia egongo da Ataungo Auzoeta pilotalekuan, larunbatean, 18:30ean. Bertan, herriko bi pilotarik jokatuko dute, beste batzuen artean: Beñat Zubizarretak (Zubizarreta IV.a) eta Beñat Senarrek.
Batetik, Zubizarreta IV.ak bigarren mailako lau eta erdiko txapelketako partida jokatuko du Joanes Bakaikoaren aurka.
Bestetik, binakako partida bat jokatuko da. Hasiera batean, Senar eta Albisu herritarrek Iñaki Artolaren eta Unax Landaren aurka jokatu behar zuten. Baina, Albisuk min hartu du eta ondorioz ez du jokatuko. Bere ordez Martxel Iztuetak jokatuko du.
Sarrerak
Pilota jaialdiko sarrerak Ataungo leku ezberdinetan ari dira saltzen: Troskaeta tabernan, Martintxo tabernan, Sutegi tabernan eta Errotaundi okindegian. Internet bidez ere erosi daitezke www.entradasfronton.com-en. Egunean bertan, Auzoetan ere, salduko dituzte. Larunbat eguerdira arte egongo dira salgai.













